GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Gotzon Iparragirre Burgoa Ondarroako herritarra

Ondarroa, Gesmunpal eta... Thoureau!

Henry Thoreau urrunago joan zen: bere eskubide zibilak bermatuta zeuzkan, baina bere herriak Mexikoren kontra hasitako gerra zela-eta egin zion uko zergak ordaintzeari. Baina bata desobedientzia zibilaren aitzindaritzat hartzen da, eta besteok berankortzat hartu nahi gaituzte

Maiatzaren 3ko «Deia»n argitaratu zen notiziak kazetaritzaren oinarrizko legea hautsi du (iturriak kontrastatzea), eta astelehenean artikulua egin zuen kazetariarekin hitz egin ostean, berak onartutako hanka sartzeak zuzentzeko prest ez zegoela ikusirik, «Deia»ko zuzendaritzari kaltetuon erantzuteko eskubidea bermatzea eskatu nion. Bide batez, gai honen inguruko informazio gehiago eskaini nien. Baina ez dute ezer argitaratu, eta gure bertsioa zabaldu nahi izanez gero, beste komunikabide batzuetara jotzea besterik ez dugula erantzun zigun artikuluaren egileak. Ez zaigu egokia iruditzen, azken batean idatzi honen helburua bertan esandakoari erantzutea baita, ez beste egunkari batzuetan esandakoari erantzutea. Baina horren beharrean aurkitzen gara orain, eta horregatik jotzen dugu zuengana.

«Eskubiderik ez, betebeharrik ez» desobedientzia kanpainaren ekintzaileok zera adierazi nahi dugu:

-Ondarroako udalerrian ezker abertzaleak daukan zilegitasuna ez datorkio abstentzioa beretzat hartzetik. Kazetaria nahastuta edo inor nahasi nahian dabil: maiatzaren 27an Ondarroako EAE-ANVk 2.143 boto lortu zituen, 1.720 EAJk eta abstentzioa 2.000 boto ingurukoa izan zen. Lehen orrialdeko notizia izateko, zehaztasun handiagoa eskatu ahal dela uste dugu.

-Apirilaren 28an Gesmunpalek Ondarroan ez sartzea erabakia duela jakinarazi zigun, baina erabakia ofiziala izan arte ez genuen ezer kaleratu. Maiatzaren 2an Ondarroako Udalak Gesmunpal enpresa kontratatu duela irakurri genuen «Deia»n. Eta astelehenean -maiatzak 5- Gesmunpaleko eta Ondarroako Udaleko iturriek baieztatu zutenez, une honetan ez dago inolako kontrataziorik gauzatuta. Esleipenera aurkeztu den enpresa bakarra Gesmunpal izan dela kontuan hartuta, argi dago gestora Gesmunpal presionatzen ari dela. Baina Gesmunpalek jakin badaki kasu honetan ez dabilela berankor arruntekin...

-Zerga arloko berdintasuna, berdintasun politikoaren ondorioa da. Ondarroan herritar gehienak eskubide zibil eta politikorik gabe utzi bagaituzte, logikoa, ulergarria eta gainera koherenteena udal zergarik ez ordaintzea da. Henry Thoreau urrunago joan zen: bere eskubide zibilak bermatuta zeuzkan, baina bere herriak Mexikoren kontra hasitako gerra zela-eta egin zion uko zergak ordaintzeari. Baina bata desobedientzia zibilaren aitzindaritzat hartzen da, eta besteok berankortzat hartu nahi gaituzte.

-Bi milioi euroko zuloa egin omen diogu udal ogasunari. Hori horrela balitz, familia bakoitzak batez beste 6.000 euro utzi ditu ordaindu gabe, eta lau urtean kantitate hori metatzea ezinezkoa da, ur, zabor eta autoaren zergak munduko garestienak izan arren: urtero batez beste 1.500 euroko udal zergak zein familiak ordaintzen ditu?

Artikulu egileari hau iradokita, bera ez dela matematikoa erantzun zigun. Egia esan, guretzat pozgarria izango litzateke bi milioi horiek gure deiaren ondorioa izatea, inork ordaintzen ez duen seinale! Baina, tamalez, matematikak zerbaiterako balio du, eta zenbakiek ez dute ematen. Kontua da, hobeto esanda, daukagun susmoa honakoa da: udal gestorak izugarrizko dirutzak lortu baditu ere, kristoren zuloa egiten ari dela beste arlo batean (laster herritarren udalak prentsaurrekoa emango du gai horren inguruan) eta, nolabait, zenbaki gorrien ardura ezker abertzaleari egotzi nahi diotela. Alde horretatik, bidea prestatzen ari dira, eta gai honek askorako ematen du.

-Ondarroako afera «Deia»ren lehen orrialdera ekartze honekin, Maruri eta beste bost jelkide alderditik behin betiko kanporatu izanak Ondarroako jelkidegoan eragin duen egonezin eta urduritasuna estali nahi da; batez ere, EAJko Auzitegi Gorenak berriz alderdian onartuko zituela uste zuten jelkideena. Alderdiko martiriak alderditik kanporatzeak adierazten duen kontraesana aztertu beharrean, Maruri eta gainerakoek jasandako presio eta mehatxuen erretolikarekin jarraitzea nahiago da.

Ikusten denez, Ondarroako gestora, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ari da desobedientzialarion ekimena zapaltzeko, jokabide honek bere ahultasun politikoa eta estrategia gabezia agerian uzten baditu ere. Ez dute erraz lortuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo