Eskalada ekitaldiak
Dimarock 08, eskaladaren jaialdi erraldoia
Datorren 21etik 25era, Dimako herriak eskalada ekimenaren laugarren aldia jasoko du. Egitarauan ekitaldi berriak daude eta, ohi den legez, nazioarteko izar handiak gonbidatu dituzte.
Andoni ARABAOLAZA | DIMA
Argi dago Diman izan diren hiru ekitaldiek arrakasta handia izan dutela; hori ez dago ukatzerik. Baina aitortu behar dugu gainean dugun laugarren honek aurkeztu duen egitarauak zur eta lur utzi gaituela. Bost egun, bai, bost, izango ditu Dimarock 08 edizioak; datorren 21etik 25era bitartean. Eta, jakina, egitaraua gainezka dator. Bete-betea egoteaz gainera, berrikuntzak ere baditu.
Ohi den legez, eskalada ekimen honek nazioarteko kirol eskaladako zein blokeko espezialista indartsuenei eman die garrantzia. Elitismoa bai, baina hain oparo aurkeztu duten egitarauan eskalatzaile herrikoiekin ere gogoratu dira antolatzaileak. Beraz, eliteko eskalatzaileak eta herrikoiak eskutik helduta. Eta eskutik helduta zailtasuneko eta blokeko probak ere. Gauza bera gertatuko da harkaitzean egingo diren norgehiagokekin eta egitura artifizialekokin ere.
Dimarock Master lehiak protagonismo berezia izango du. 24an jokatuko da, 22.00etan, eta zailtasuneko proba izango da. Dimako enparantzan altxatutako egituran 12 eskalatzaile izango dira. Sei neska: Maja Vidmar, Muriel Sarkany, Emily Harrington, Mina Markovic, Caroline Ciavaldini eta Irati Anda. Eta sei mutil: Chris Sharma, Tomas Mrazek, Michael Fuselier, Eric Lopez, Magnus Midtboe eta Patxi Usobiaga.
Zailtasuneko probekin jarraituz, egun berean jokatuko da Euskadiko Txapelketa zein Dimarock Irekia. Sailkapeneko bideak flash eran eskalatu beharko dituzte, eta finalak, 18.00etatik aurrera, duelu izaera izango du; hots, finalisten arteko lehiak izango dira.
Arestian aipatu dugun eskalada murrutik kanpo ere zailtasuneko proba bat antolatu dute: euskal selekzioa nazioarteko selekzioaren aurka. Baltzolako eskolan dauden bideetan lehiatuko dira eskalatzaileak; hain zuzen ere, 25ean 11:30etik aurrera. Euskal Mendizale Federazioak atondutako taldearen ordezkari ondokoak izango dira: Itziar Rodriguez, Josebe Zarautz, Irati Anda, Gorka Karapeto, Ekaitz Maiz, Antton Zabala, David Gambus, Jabi de la Fuente, Aitor Ulaiar, Oier Iribarren eta Patxi Usobiaga. Nazioarteko taldekideak, berriz, Dimarock Masterrean lehiatuko direnak dira eta hauei Dani Andrada gehituko zaie. Ekipatzaileek proposatutako bideak eskalatu beharko dituzte. Euskal herritarrak izango dira lehiatzen lehenengoak, eta haien atzetik, flash eran, haien aurkariak.
Blokea ere leku handia
Zailtasuneko lehiek bezala, blokekoek ere garrantzia hartuko dute aurtengo ekitaldian. Hasteko, eta berrikuntza bezala, antolatzaileek Herriblok proba aurkeztu dute. Izaera herrikoia duen lau eguneko (21 eta 24 artean) blokeko proba da. Dani Andrada eta Joseba Saizek prestatutako 8 bloketan eskalatu beharko da, eta parte-hartzaileek behar adina saio egiteko aukera izango dute; berdin dio zein egunetan probatu proposatutako blokeak.
Bulderrak ere beste aurpegi bat erakutsiko du: Dimablok proba. Lau gonbidaturen arteko lehia izango da, eta 23an jokatuko da 21:30etik aurrera. Chris Sharma, Dani Andrada, Tomas Mrazek eta Joseba Saiz izango dira protagonistak. Espezialista bakoitzak bloke bat prestatuko du, eta bere lehiakideak hori askatzen saiatuko dira; guztira, 30 minutu izango dute.
Lehien uholdea ez da aipatutako proba horiekin amaituko; izan ere, azkartasuneko norgehiagoka jokatuko da 23an 21:30etik aurrera. Guztira, zortzi gonbidatuk hartuko dute parte: launa neskak eta mutilek.
Baina Dimarock 08 ekimenaren egitarauak askoz ere ekitaldi gehiago ditu: haurrentzako eskalada jarduerak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, dantza ikuskizuna, material azoka... Beraz, aurtengo edizioa, 21etik 25era antolatu dena, ekitaldiz betea dator. Bizkaiko Dima bost egunez Euskal Herriko eskaladaren hiriburu bihurtuko da. Egitarau osoaren informazioa eta argibide gehiago ondoko web- gune honetan aurki dezakezue: http://www.dimarockmaster.com.