Mendi lasterketak Izarraizko proba
Amilibia eta Etxegarai indartsuenak Azpeitian
Joan den igandean, Izarraizko mendi lasterketaren laugarren aldia jokatu zen. 290 korrikalarik hartu zuten parte, eta Euskadiko Kopako lehenengo proba izan zen.
Andoni ARABAOLAZA | AZPEITIA
Apirilaren 6an hasi zen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako egutegi ofiziala, Euskadiko Txapelketarekin, hain zuzen ere. Gasteizko maratoiarekin banatu ziren lehenengo txapelak. Joan den igandean, berriz, Euskadiko Kopak egin zuen lehenengo urratsa. Hitzordua Azpeitian zen: Izarraizko mendi lasterketa. Laugarren aldia zuen, baina Azpeitiko Lagun Onak mendi elkarteak atondutako lehenengoa eta, lasterkari guztiek baieztatu zutenez, proba erabat ondo atera zen: «Ibilbide osoa oso ondo markatua zegoen, anoa postuak bete-beteak, dutxak, aparkatzeko arazorik ez... Lagun Onak elkarteko antolatzaileei zorionak helarazi nahi dizkiegu». Horrez gainera, aipatu behar da ibilbidean zehar makina bat ikusle bildu zela.
Izarraizko lasterketa 21,200 kilometrokoa zen eta, desnibelari dagokionez, korrikalariek 3.320 metrokoari egin behar izan zioten aurre. Puntu garaienak honakoak izan ziren: Xoxote (905 m), Kakute (924 m) eta Erlo (1.026 m). Proba gogorra, teknikoa eta lehia oso biziak izan zituena. Oraingo honetan eguraldiak nolabaiteko atsedena eman nahi izan zien proba honetan parte hartu zutenei. Izan ere, larunbateko euriaren ondoren, igandea ateri agertu zen. Euria, berriz, 13:00etatik aurrera hasi zuen, lasterkari ia guztiak helmuga puntuan zirenean.
Guztira, 290 lagun irteera puntuan. Eta, oro har, ez zen ezustekorik izan; beraz, faboritoek ez zuten hutsik egin. Nesken mailan, probaren hasieran bederen, Izaskun Zubizarretak eta Nerea Amilibiak oso lehia polita izan zuten. Zubizarreta lasterketaren buru jarri zen. Lehenengo puntu garaienekin Amilibiak erritmoa azkartu eta bere lehiakidea harrapatu eta gainditu ere egin zuen. Euskadiko Txapelketan bezala, aiarrak ez zion ezustekoari tarterik utzi nahi izan eta, azkenean, helmugara nahiko alde handiarekin iritsi zen. Horrela bada, Amilibia izan zen Izarraizko mendi lasterketaren eta Euskadiko Kopako lehenengo hitzorduaren irabazlea 2:26:22 denborarekin. Zubizarreta bigarren izan zen bost minutu pasatxora, eta hirugarren Jaione Sasieta 2:38:31 denborarekin.
Etxegarai berriro nagusi
Mutilen mailan, bestalde, faborito nagusiak, Fernando Etxegaraik, oso sasoiko dagoela erakutsi zuen beste behin. Saran zein Berako lasterketetan irabazi, Gasteizko maratoian bigarren... eta Izarraizko honetan ere hor aurrean ibiliko zela ez zuen inork zalantzan jartzen. Alabaina, aurkari gogor bat izan zuen: Didier Zago.
Irteeratik abiatu bezain laster aurrean jarri zen Zago, baina Xoxoten harrapatu zuen Etxegaraik. Ondoren, elkarrekin joan ziren, baina Erlotik behera Zuhaitz Ezpeleta agertu zen, eta baita Zago gainditu ere. Ibilbidearen egoera ikusita, zaila zirudien bi ordutik jaistea, baina Etxegarai aurreikuspen horiek apurtu eta helmugara 1:54:44 denborarekin iritsi zen. Bigarren postua, minutu eta 11 segundora, Ezpeletarentzat izan zen, eta hirugarrena Zagorentzat (1:56:28). Laugarren, berriz, etxeko bat sailkatu zen: Enekoitz Aizpurua (2:01:28).
Horixe izan zen, oro har, Izarraizko probak, Euskadi Kopako lehenengo hitzorduak, eman zuena. Aurretik beste hiru lasterketa daude: Artzainen Lasterkaldia (ekainak 8), Aramotz (uztailak 6) eta Olatzagutia-Urbasa (irailak 27).
Eta egutegia aipatu dugunez, aurreratu behar dugu EMFk euskal selekzioko ordezkarien berri eman duela dagoeneko. Mementoz bederatzi dira: Zuhaitz Ezpeleta, Jabi Olabarria, Jesus Mari Romon, Josu Bengoetxea, Oihana Azkorbebeitia, Fernando Etxegarai, Felipe Larrazabal, Ionut Zinca eta Alizia Romero. Lehenengo bostak Espainiako Kopan zein Txapelketan lehiatuko dira, eta gainontzekoak Munduko Kopan eta Europako Txapelketan.
FEDMEk antolatutako Espainiako Kopako lehenengo proba apirilaren 20an jokatu zen Teruelen. 24 kilometroko ibilbidea eta 1.050 metroko goranzko desnibela zituen. Eguraldiak ez zuen batere lagundu (hotza, euria eta haizea), eta ibilbideko hainbat tarte oso labainkor zein arriskutsu zeuden. Nesketan, Laia Andreuk irabazi zuen eta bigarren Azkorbebeitia euskal selekziokidea sailkatu zen. Mutiletan, Javier Triguero izan zen onena, eta lehenengo euskal ordezkaria Olabarria izan zen; bederatzigarren postua erdietsi zuen. Zirkuitu horretako bigarren proba datorren igandean jokatuko da, Tarragonan.