GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunak segida emango dio hautes-zikloan erabili duen lan eskema «arrakastatsuari»

Iragan hautes-zikloaren bilana egin du Batasunak. Bertan «erabilitako lan moldeak eta proiektu abertzale eta ezkertiarra argi azaldu izana» jo ditu «arrakastaren» iturritzat. Hala, bide horretan sakontzea erabaki du.

p015_f02_97x92.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Iragan berri den hautes-ziklo luzearen kariaz, azken hilabeteetan erabilitako lan-eskemari jarraipena ematea izan da Bata- sunak larunbatean egindako batzarraren ebazpen nagusietakoa. Izan ere, indar abertzalearen bilanaren arabera, «indarrak metatzeko filosofiak -bai Euskal Herria Bai ekimenaren bidez, bai herrietako taldeetan egindako lanaren bidez- emaitza positiboak» ekarri ditu.

Jean-Claude Agerrek eta Aizpea Abrisketak, atzo, Baionan emandako prentsaurrekoan, nabarmendu zuten kantonamenduko hauteskundeetan zein herriko etxeetakoetan garatutako dinamikak «oso baliotsuak» izan direla. Bilana egiterakoan parte hartu duten 150 kideren ekarpen eta iritzietatik ondorio hori egiaztatu dela gaineratu zuten bi mahaikideek.

Erdietsitako emaitzek, bestalde (13.000 boz eta hirugarren indarra Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan), berretsi egiten dute, beraien esanetan, lan molde horrek «fruituak» eman dituela.

Indar abertzalearen iritziz, herrietan egindako elkarlanetik harago, bada, halere, «beste faktore funtsezkoa» arrakasta horretan; hain zuzen ere, «mezu eta proiektu abertzale eta ezkertiarra argi eta garbi» adierazi izana, alegia. Horren lekuko dela uste dute mahaikideek Uztaritzen edo Urruñan, esaterako, lortutako aitzinamendua.

Urrats berria

Horrenbestez, aurrera begira bide horri «segida» ematea be-har-beharrezkoa dela iritzi dio Batasunak. Horretarako, lan instituzionalean murgiltzeko eta antolakuntzan urrats berri kualitatiboa egiteko engaiamendua hartu dute militanteek, «proiektu abertzalearekin batera, Batasuna bera errotzen joan dadin».

Helburu horrekin barne eztabaida prozesua abiaraziko dute udazkena bitartean, «antolatzeko eta beharrezko moldaketak egiteko, era horretan egiazko alternatiba jorratu eta haren inguruan indarrak metatzeko».

Agerrek eta Abrisketak adierazi zuten «urrats berri hori mezu argian» oinarrituko dela: «Globalki gure eskaintza inoiz bai-no argiago adierazi dugu da- goeneko: Estatuaren ukazioari aurre egiteko eta Ipar Euskal Herriak dituen beharrei erantzuteko, une hauetan autonomia da bide egokiena».

Bi mahaikideek gehitu zuten Pays Basque 2020 gisako proiektuek ez dutela «inola ere» balio «Euskal Herriak behar duen aitortza eta Estatuak zor dion errespetua bermatzeko». Beste «borroketan» ere (AHTko linea berria, azpiegiturak, lurraren eta etxebizitzaren arazoa, euskararen normalizazioa...) «buru- belarri aritzeko» engaiamendua hartu zuten aipatu batzarrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo