Udalak Gladys Enearen babes maila murriztu nahi duela salatu dute
Hirigintzako interes pribatuen mesedetan Donostiako Udalak parke publikoari eremua kendu nahi diola kritikatu dute Parkea Bizirik taldeko kideek. Beraien esanetan, Udalaren asmoa eremu publikoaren babes maila murriztea da, eta erabaki hori maiatzaren 19an egingo den udalbatzan hartuko dutela azaldu zuten. Hori dela-eta, jendaurrean salatzeaz gain, udal taldeengana jo dute prestatu duten emendakin eredua erakutsi, eta horrekin bat egin dezatela eskatzeko.
Maider EIZMENDI |
Donostiako Udala onartzekotan den Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren harira, Parkea Bizirik natur elkarteak salaketa egin zuen atzo goizean, udaletxearen atarian egindako agerraldian. Bozeramaile gisa jardun zuten Joseba de Vicente eta Mikel Alonsoren iritziz, Odol Elorzak gidatzen duen gobernuak Gladys Enea parkearen babes maila aldatu nahi du, lehen mailatik hirugarren mailara murriztuz. «Alderdi Sozialistak egin duen balio-gutxitze horren helburua hiri erdian dagoen 95.000 metro karratuko gune berdeari babesa kentzea da, hala, Udalak aurrera eraman nahi dituen hirigintza proiektuak legalki gauzatzeko», argitu zuten.
Egun, lehen mailako babesa du parkeak eta, beraz, «mantentze lanak baino ezin dira egin bertan, eta ez aldaketarik edota degradaziorik; jauregia nahiz 95.000 metro karratuko gune berdea juridikoki babestuta daude». Hirugarren mailako babesa jarriz gero, ordea, «soilik jauregiaren kanpo itxura babestuko da; eraikuntzaren barnea eta inguru berdea babes juridikorik gabe geratuko dira».
Udalak inguru horretan egin nahi dituen proiektuen gainean ere mintzatu zen Parkea Bizirik taldea. Adierazi zutenez, hirigintzako zinegotziak Mundaitz bideko lantegiak bota «eta trenbidea, Tabakalera eta parkearen artean luxuzko 200 etxebizitza eraiki nahi ditu». «Leku hau oso txikia da halako hirigintza «pelotazo» bat egiteko; horretarako parkea babesten duen pareta bota, errepidea zabaldu eta parke publikoari eremua kendu nahi diote», kritikatu zuten.
Halaber, honakoa aurreratu zuten: «Frogak daude atezaintzako eraikina, 1897an José Clemente de Osinaldek eraikia, eta haurrentzako jolastokia, Tabakalerari lehentasuna emateko beraien proiektu urbanistikoarentzat oztopo direla esateko. Gogora ekarri behar dugu, gainera, 2006an Udalak lorezainaren etxea eraitsi zuela».
Alderdiekin harremanetan
Horiek horrela, Parkea Bizirik taldea, jendaurrean egoera salatzeaz gain, udal taldeekin batu da. Emendakin eredu bat aurkeztu die alderdiei, bere egin dezaten, eta, hala, datorren astelehenean egingo den udalbatzan parkearen babes maila ez dadin murritz. «Orain arte egindako elkarrizketetan gure aldeko jarrera izan dute», azaldu zuten.
Era berean, eskura dauden lege tresna guztiak martxan jarri ditu taldeak, «parkearen suntsiketa demokratikoa» eragozteko; izan ere, beraien ustez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak «alderdi historikotik eta ingurumenekotik begiratuta interes handikoa den gune publiko babestua sakrifikatu nahi du, arlo pribatuko hirigintza esku-hartzeen mesedetan».
Mozio eredu bat azaldu diete udal taldeei, bere egin dezaten. Ingurumena nahiz historia aintzat hartuta parkeak duen balioa, eta hiritarrentzat duen esanahia, besteak beste, nabarmendu ditu Parkea Bizirik taldeak.
Orain arte egin dituzten elkarrizketetan udal taldeek parkea babestearen aldeko jarrera azaldu dutela adierazi zuten. Nolanahi ere, datozen egunetan jakinaraziko dituzte egindako bilkura horien fruituak.