Buruz Buruko Txapelketa
Gonzalezen lesioa dela eta, bigarren finalerdia arriskuan da
Azkainekoak zuntz haustura du ezker hankako gihar bikian, Iruñeko San Miguel Klinikan atzo egindako proben arabera. Aspeko medikuak oso zail ikusten du Barriolaren aurkako partidarako osatuta egotea.
A.S. | DONOSTIA
Iruñeko San Miguel Klinikan atzo egindako erresonantzia magnetikoaren arabera, Sebastien Gonzalezek ezker hankako gihar bikian lehen graduko zuntz haustura du. Horrenbestez, hilaren 25erako iragarrita dagoen Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdia kolokan dago, horrelako lesioak sendatzeko bi edo hiru aste behar baitira normalean.
Krioterapia, ultrahots eta drainatze linfatikoa erabiliko dituzte hanka sendatzeko, baina ezinezkoa izango da azkaindarra finalerdiko hitzordura erabat osatuta iristea, eta Abel Barriolaren aurkako norgehiagoka sasoiko jokatzea, betiere jokatzen badu. «Mina sentitzen du, eta horregatik herrenka dabil. Egoera horretan, partida ez du bere arerioaren baldintza berberetan jokatuko. Bi edo hiru egun aurretik proba bat egingo du eta berak erabaki bat hartu beharko du, baina ziurrenik lesioak ez dio utziko halako neurriko partida bat jokatzen», azaldu zuen, Radio Euskadin, Aspeko mediku Txema Urrutiak.
«Ikusi beharko dugu enpresak zer proposatzen duen. Norgehiagoka hilaren 25erako iragarrita dagoenez, aurreko egunetan egingo dioten proban parte hartuko duen ikusteko dago oraindik, eta gero partidan bertan izango den ala ez. Ni, zoritxarrez, ezkorra naiz gaurko egunean», erantsi zuen.
Lesioen arloan, Buruz Buruko Txapelketako araudiak ez du zalantzarik uzten. Araudiaren arabera, finalerdietarako sailkatutako pilotari batek ezin badu bere partida jokatu, «bere kontra jokatu behar zuen pilotaria sailkatuko da zuzenean hurrengo faserako». Kasu honetan, Abel Barriola izango litzateke finalean sartuko litzatekeena.
Ekainaren 8rako iragarritako final handiaren kasuan, ordea, lesiorik izanez gero partida atzeratzeko aukera badago. Beste data bat jartzekotan, ekainaren 22a baino lehen izateko ahalegina egin beharko litzateke. Hori bai, finala EPELeko epaile bakarrak jarritako egunean ezin bada jokatu, lesionatutako pilotariaren lekua hirugarren eta laugarren postuetarako neurketako garaileak jokatuko luke.
Partidaren azken txanpan
Sebastien Gonzalez joan den larunbatean lesionatu zen, Juan Martinez de Irujoren kontra final laurdenetan jokatutako partidaren azken txanpan. 21-20 irabazten zihoala, gihar bikian mina sumatu eta aldageletara joan zen. Bertan, lesionatutako hanka lotu zioten eta kantxara itzuli zen. 22-20koarekin amaitu zen lehia, eta ez zirudien lapurtarrak zer edo zer larria zuenik. Donostiako Atano III. frontoian jokatutako kanporaketa amaitzean, Gonzalezek berak garrantzia kendu zion lesioari.
2007. urteko Lau eta Erdiko final-laurdenak ere jokatu ezinik geratu zen. Orduan, eskuko behatz batek utzi zion kanpoan.
Titín y Pascual doblegaron, no sin dificultades, al trío formado por Galarza V, Berasaluze IX y Laskurain en partido disputado ayer en Bergara (22-12). A pesar de las dificultades que tuvo para poder encontrar un hueco para hacer tanto, la tenacidad y la buena labor del de Tricio en defensa fueron determinantes.
Iker Arretxe y Julen Retegi jugarán la primera semifinal del Manomanista de Segunda el viernes en la localidad riojana -que no burgalesa, como puso ayer GARA por error- de Villamediana de Iregua. La otra semifinal, que enfrentará a Larralde y Urrizelki, se disputará el domingo en el frontón Astelena de Eibar.