GARA > Idatzia > Mundua

Mendebaldeak eta Ryadek bazterrak nahastu nahi dituzte artean Libanon

Hizbulah-ren aurkako erasoak hankaz gora jarri zuen Libano. Erakunde xiita kalera atera da, Gobernuaren erabakia bertan behera utzi eta Libanoko Armadaren esku utzi du segurtasuna. Mendebaldeak eta Saudi Arabiak, ostera, bazterrak nahasten jarraitu nahi dute.

GARA |

Libanoko Armadak, liskarrek jarraituz gero indarra erabiltzeko prest dagoela iragarri du, herrialde osoan bere presentzia areagotzen jarraitzen duen bitartean. «An-Nahar» egunkariak ezagutzera eman duenez, talde guztien aldetik enfrentamenduak saihesteko konpromisoa jaso du Armadak.

Atzo goizaldera arte liskarrak izan ziren Tripolin Al-Mustaqbal talde armatu sunitaren -Gobernuaren aldekoa- eta alauiten artean. Alauitak xiitak dira eta Hizbulah erakundearekin bat datoz, sekta berezia osatzen badute ere. Bachar al-Assad Siriako presidentea eta honen jarraitzaileak ere alauitak dira.

Goizaldeko seietan Armadak Tripolin kontrolak jarri eta ez zen beste tiro hotsik aditu.

Hala ere, Al-Mustaqbal talde sunitak itxita mantendu zuen atzo Siriarako errepidea eta mugako igarobide garrantzitsuena, Masnaakoa. Hizbulah-k kontrolpean zuen Beiruteko aireporturako errepidea ere.

Giro nahasi honetan -azken orduetan drusuen arteko istiluak eten egin dira Beirutetik hego-ekialdera dagoen zonalde menditsuan-, hautsak gehiago harrotzeari ekin diote Mendebaldeko potentziek eta eskualdeko beren aliatuek.

Oposizioaren presiopean, Frantziar Gobernuak auzia Segurtasun Kontseilura eramango duela mehatxu egin du.

Zonaldera abiatzeko hegazkina hartzekotan zela, George W. Bushek mezu gogorra igorri die Irani eta Siriari. «Libano berriro ere ez dugu arrotzen eskuetan erortzen utziko».

Saud al-Fayçal Saudi Arabiako Kanpo Arazoetarako ministroak Libanon «Estatu-kolpea» babestu izana leporatu dio Teherani, eta horrek Iranen eta mundu arabiarraren arteko harremanei eragingo diela gaineratu du.

Mahmud Ahmedinejad Irango presidenteak adierazpenoi erantzunik ez ematea erabaki du, Abdallah erregeari zor dioten errespetuagatik.

Israelek dei egin dio Mendebaldeari Libanon esku hartu dezan, Hizbulah-ren garaipena «Iranen mesederako baita».

negoziazioak

Said Hariri Gobernua sostengatzen duen Etorkizunerako Korronteko talde sunitaren buruzagiak «pistola buruan izanda» ez duela negoziatuko iragarri zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo