GARA > Idatzia > Osasuna

Nafarroa gorria, Osasuna eta Askatasuna!

Manex ALTUNA

Aldez aurretik argi geratu dadila: Athleticzalea naiz. Nire herriaren ordezkari gisa sumatzen dut, taldea jokatzen ikustean. Kirola negozioa besterik ez dela, eta diruak ez duela sentimenduekin zerikusirik pentsatuko dute batzuek, baina zer egingo diogu.

Hala ere, onartu beharrean nago, azkenaldian ez ditudala Athleticen partidak ikusi. Aspertu egiten naute. Ez dago ezer jokoan. Azken bi urteetan tentsioz betetako partidak bizitzera ohitu gara, eta Lehen Mailan jarraitzea erdietsi zutenetik, beren partidak ikusteko nahiak alde egin du.

Emozio barik futbolak ez du zentzurik niretzat, eta zuri-gorriek Europan jokatzeko txartela eskuratzea ezinezkoa iruditu zait, aukerak izan arren. Gaur egun, taldea ez dago horrelako txapelketa bati aurre egiteko prest. Argi esanda, ez dut nahi Interto(n)to hori jokatzerik. Hobe hurrengo denboraldia ondo prestatu, eta joko ikusgarriagoa egiteko entrenatu.

Horregatik, azken asteburuetan Osasunaren emaitzak izan dira nire buruhaustea. Talde nafarrak Lehen Mailan jarrai dezala espero dut. Azken urteotan euskal taldeen arteko harremanak zikindu egin dira, eta, egun, foro zuri-gorrietan behintzat, Osasuna edo Reala norberaren gustuko taldeak direla esatea txarto ikusirik dago. Ea posible den hurrengo urtean hirurak batera ikustea. Nafarrek gainera, Racing UEFAtik kanpo utzi ahal dute, eta horiek bai direla gure «etsaiak». Ez «Vaya Semanita»koek Patxi Salinasi eta Sarabiari «umore txarrez» erakutsitako kamiseta txuri-urdina. Zer lortu nahi du EITBk?

Orain dela 70 urte Sartagudako sarraskia burutu zutenen interes mediatikoak defendatzen dituztenek ezarritako tranpan erori da. «Gorriak» edo abertzaleak izateagatik akabatu zituzten lehen, eta orain beste era batera egin nahi dute. Gora Nafarroa gorria! Osasuna eta Askatasuna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo