Jose Mª Arakama Imatz eta Felix Alzelai Iriarte Etxarriko amnistiaren aldeko mugimendua
Pello Mariñelarena, demokraziak eraila
Beraien aldeko biktimentzako dena dek laudorio eta oroitzapena, gure aldekoentzako, iraina eta ahanztura: Joseba Arregi, Geresta, Basajaun... hi heu, Pello
Hor hago, Pello, maiatza azpian eserita, ttonttor horretatik urteen joan-etorriei begira. Dagoeneko, hamabost urte. Eta geure buruari galdetzen zioagu nola ikusiko duan hik oraingo egoera. Berdintsu, alezta.
Egia dek, bai: legea beti legez kanpokoen kontra; eta lege bat lege baten gainean; inperioaren legea eta legearen inperioa, beti berdinen zerbitzura. Baina, orain, muturrera jo ditek soil-soilik euskal preso politikoentzat biziarteko zigorra ezarriz. Espetxeko suntsitze-politikaren beste atal bat. Eta, halere, presoak tinko, kartzelan.
Zibilak, nazionalak eta «zipaioak»; foruzain, udaltzain eta bizkartzainak, sistemaren zaintzaile guztiak, denak ere aingeru guardakoak; eta epaileak, garai bateko «inkontrolatuak» bezala, denak elkarlanean, soldatapean, lan zikina egiteko eta izen oneko demokratek esku zuriak zikindu beharrik ez izateko: debekuak eta jazarpena, jipoiak eta atxiloketak; atxiloketak, torturatuak; torturatzaileak, «zigorgabekeria». Eta, halere, hemen gaudek, tinko kalean.
Arazo politikoak instituzioetan defendatu behar direla entzun behar izan diagu behin eta berriz. Eta, orain, Alderdien Legea onartu zutenak, eta Legea onartu ez baina interesengatik kanpoan nahi gaituztenak, kalean lortu ez dutena, instituzioetan lortzen saiatzen ari dituk. Baina, azken batean, herritarrok geure borondatea hautestontzietan adierazi ahal ez izateak hauteskundeetan parte hartzen dutenen izaera «demokratikoa» bera jartzen dik kolokan.
Gatazka politikoa ukatuz, gatazkarik gabeko estadioan kokatu nahi ditek politikaren joko zelaia. Garai batean beste batzuek bezala, akats horrexetan erori berri dituk abertzale batzuk ere. Baina, horra hor paradoxa, estadio horretara ez daitekek ailega gatazka konpondu baino lehen. Eta gatazka ez daitekek konpon gatazka horretan lehiatzen ari den alde oso bat bazterrera utzita.
Egun hauetan memoria historikoa berreskuratzeko ekitaldiak egiten ari dituk. Berandu samar, baina ongi etorri. Arazoa dek memoria historikoa aldarrikatzen duten horietako askok historia hurbila ukatu egiten dutela. Beraien aldeko biktimentzako dena dek laudorioa eta oroitzapena, gure aldekoentzako, iraina eta ahanztura: Joseba Arregi, Geresta, Basajaun... hi heu, Pello. Demokratikoki hil zintuzteten, beraz, zuek gogoratzea ez dek politikoki zuzena.
Geure buruari zorrotz begiratuz gero, beharbada garbi zegok ez dugula eman ahal genuen guztia. Seguru asko, ez diagu ausardiaz jokatu geure txokotik ateratzeko; seguru asko, ez diagu behar adineko malgutasuna izan ingurukoen pentsamolde eta jokamoldeetan eragiteko; seguru asko, ez diagu haztatu urteetan hartu dugun eskarmentua atzetik heldu direnei, behar bezala, transmititzen; seguru asko...
Aurrera egitea besterik ez diagu. Eta bidean aurrera egiteko, betiko makuluak izanen dituk, seguru asko, bidelagunik onenak: konpromisoa, eskuzabaltasuna... eta umorea. Hik halaxe erakutsi higun, baina, badakik, denborarekin atzendu egiten dituk aurrendu egiten ez diren gauzak.
Ikusten duan bezala, gauza batzuk aldatu dituk. Baina, gu hemen gaudek. Eta hik hor segitzen duk, maiatzaren azpian eserita, Sakana honetako paisaiari begira. Herriari bezala paisaiari ere zauri handiak eragin zizkiotek, eta beste bat prestatzen ari dituk. Saiatuko gaituk txikizio handiko tren hori ere geldiarazten. Guzti honetaz, hala ere, igande honetan, maiatzak 18, Etxarrin 19:00etan eginen den manifestazio eta ekitaldian, luzeago hitz egingo diagu.