GARA > Idatzia > Musika

Kukutzak eta Zea Mays taldeak hamargarren urteurrena ospatuko dute Gaztetxe Egunean

Kontzertu batek itxiko du larunbat honetan Errekalden ospatzekoa den Gaztetxe Eguna. Bertan izango dira Bad Sound System, Sorkun & Vice Presidentes eta Zea Mays, Errekaldeko laukotea.

A. BILBAO | BILBO

Errekalde auzoko Kukutza gaztetxeak hamar urte bete ditu eta Euskal Herriko Gaztetxe Eguna antolatu du Bilbon. Goizetik gauera makina bat ekitaldi izango dira bertan haur, heldu zein zaharrek parte har dezaten, eta musika ere tartean izango da, zalantzarik gabe.

Bazkalostean tradiziozko abestiak kantatuko ditu Pantxoa eta Peio bikote nekaezinak eta gauean, berriz, doinu bortitzagoak landuko dituzte Irungo Bad Sound System rap kolektiboak, basamortutik bueltan dugun Sorkun & Vice Presidentesek eta auzoan bertakoa den Zea Maysek.

Kukutza gaztetxeak bezala, Aiora Renteriak (ahotsa), Asier Basabek (bateria), Iñaki Imaz Piti-k (gitarra) eta Ruben Gonzalezek (baxua) osatutako lagun taldeak ere hamar urte bete ditu Errekalden. Durangoko azokan aurkeztu zuten azken diskoa, «Morphina» (Bonberenea Ekintzak, 2007). Lanak zuzeneko DVD bat ere badakar opari, Bilboko Kafe Antzokian grabatua. Orain, beraiek hartu dute Gaztetxe Egunerako berariaz sortutako kantua lantzeko ardura.

«Hamar urte, hamaika matxinada» kantuan, Aiora Renteriak atondu ditu hitzak, baita musika ere, Zea Maysko taldekideekin batera. Renteriak berak kontatu digunez, «gaztetxearekin dugun harremana musika mailakoa da. Zuzen-zuzenean bizi dugu auzoko Kukutza gaztetxea eta bertan jotzea berezia da guretzat, gure bigarren etxea da-eta». Taldeak gaztetxearen proposamena jaso zuen kantu berezi bat egiteko, eta baita erantzun ere. «Gaztetxeak urteurren hori egiteko kantu bat sortu gura zuen eta gugan pentsatzea eta kantua sortzea plazer handia izan da. Testu batzuk pasatu zizkiguten barru-barrutik nola lan egiten duten azaltzeko, eta guk zuzenean bizi dugunez bere bilakaera guztia, Kukutza gaztetxea nola sentitzen dugun erakusten du kantuak».

Auzora eta mundura zabalik

Kantua ahalik eta zabalena egin nahian, Gorka Berri Txarrak, Eñaut Ken Zazpi eta Naroa Amaiurrek abestuz parte hartu dute kantuan, baita Fenomenos de la Naturaleza errekaldear hip hop taldeak ere.

Kukutzaz gauza gehiago ere kontatu dizkigu Renteriak, «makina bat kultur egitasmotan parte hartzeko aukera eskaintzen du eta egindako guztia plazara ateratzen da. Ez da batere itxia eta edozein adinetako jendeak hartzen du parte bertako tailerretan».

Kantua eta informazio gehiago <www. kukutza.net> atarian aurki daiteke.

KANTU BEREZIA

«Hamar urte, hamaika matxinada» leloa du Gaztetxe Eguneko kantuak. Zea Mays taldeak prestatu du eta Gorka (Berri Txarrak), Eñaut (Ken 7), Naroa (Amaiur) eta Fenomenos de la Naturaleza taldeak ere hartu dute parte.

Fitxa

Jaialdia: Gaztetxe eguna.

Data: Larunbata, maiatzak 17.

Lekua: Errekalde auzoa (Bilbo).

Ordua: 21.00etan.

Taldeak: Bad Sound System + Sorkun & Vice Presidentes + Zea Mays.

Sarrera: Doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo