Morten Skoubok Granada 74ren aurka jokatzeko moduan ikusten du bere burua
GARA | DONOSTIA
Azken bi urteetan, hainbat arazo fisiko izan dituela-eta ia jokatu ezinik egon ostean, denboraldiko azken partidetan jokatzeko moduan egon liteke Morten Skoubo aurrelari danimarkarra. Hainbeste denboraren ostean jokatzeko erritmoa falta duen arren, jokalariak larunbateko partidako deialdian sartzeko eta minutu batzuk jokatzeko gai ikusten du bere burua.
Danimarkarrak adierazi zuenez, hiru aste daramatza gainerako taldekideekin normaltasunez entrenatzen, eta Iñigo Diaz de Zeriok, zigortuta egoteagatik, aste honetan jokatzeko modurik izango ez duenez, bera deialdian sartzeko une egokia izan daitekeela uste du Skoubok. «Ez da nire erabakia, baina agian itzultzeko momentu aproposa izan daiteke. Ondo ari naiz entrenatzen, nik uste dut deialdian egoteko moduan nagoela eta ea zer esaten duen entrenatzaileak»
Jokoan duten guztiarekin, geratzen diren bost jardunaldi hauek probak egiteko une egokiak direnik ez dirudien arren, Skoubo itxaropentsu dago bai berak eman dezakeenaren inguruan, bai taldea igotzeko dauden aukeren inguruan. «Ni itxaropentsu nago, baina geratzen diren bost partidetatik gutxienez lau irabazi behar ditugu».
Natxo eta Larrea
Aipatutako Diaz de Zerioz gain, Aranburuk eta Prietok ezin izango dute larunbatean jokatu, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den Nacho eta Gorka Larrearekin. Andaluziarrak kolpe bat du eskuin belaunean, eta donostiarrak zuntz haustura txiki bat.