GARA > Idatzia > Musika

Mitoak, ilusio zapaltzaileen iturburu

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Kapitalismoaren hazkundea, hein handi batean, langileak berak sortu du, enpresaburuen ekonomia, politika eta giza alorreko estrategia bikainari esker. Ia beti men eginda. Enpresaburuek kinka larrian eduki zuten langileen egoera XIX. mendean. Soldata doi-doi ematen zieten langileari eta bere familiari egunero jan zezaten eta horrela behartzen zuten langilea hurrengo egunean zapalkuntza sortzen zen tokian, lantegiko lanpostuan, berriro izatera. Langilearen ilusio beharra, edo bakarra, hurrengo eguneko ogia zen. Kapitalak ilusio bakar horretara bideratu zuen langileria. Historian zehar gauzatu diren sistema politiko guztiek mota guztietako zapalkuntzak antolatu dituzte, eta gizakia lan egitera behartu dute, langilearen zapalkuntza arrunta eta betikoa eginez. Filosofoen formulazio teoriko nagusia (eta beste guztien abiapuntua) bizitza izan da eta hari ekiteko behar den ilusioa. Teknikaren aurrerapenek, baita antolaketa industrialak ere, ez du lantegien deuseztatzerik ekarri eta bai langilearen eta gizabanakoaren zapalkuntza. Sistemak eta gizarte industrialak gu denok su txikian hiltzen segitzen du, ustez, konforme edo, bederen, ezin uka zapalkuntzak eta zapaldua izateak sortzen duen sedukzio, lilura eta ilusioarekin. Ongizate sistemak eta gizarteak askatasuna balitz bezala saltzen digu geure kaiola, zapalketa zuriaren maila gorena. Bizi baldintzak okertu baino hobera joan direla pentsarazten digute eta ilusioak sortarazten dizkigute. Horrelako egoeretan gizakia mitoak eraikitzen trebea da. Mitoek ilusioaren leihoa irekitzen dute. Musikariak, kirolariak, erlijiosoak, artistak, politikariak mito bihurtuz ilusionatzen da gizaki gizarajoa. Nahiz eta hil arteko hipotekak eduki eta hilaren bukaerara, heriotzara, estuasun bortitzarekin ailegatu, guztiaren gainetik mitoak sortutako estasiarekin jasankorra egiten du gizakiaren presentzia desitxuratutako munduan. Inor borrokatzen al da ilusioen aurka? Nork astindu nahi du mitoak sorrarazten duen ilusioaren magia? Rolling Stones taldeak esaten zuen «(I can´t get no) Satisfaction» esaldiak zenbat itzuli eman dizkio munduari? Asetze eza bere asetasun bihurtuta denok gustura geratu gara? Ezkortasuna baikortasun bilakaturik ziklo berri baten hasiera da. Beti ematen da ezkortasunaren batuketa zerbait baikorra egiteko. Hari horren eta mito horren inguruan egiten ditugu urratsak, desio duguna ez desiratuz. Punkaren «no future» agian? Edo psikodelikoen eta LSDzaleen «beste mundu bat posible da» agian?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo