GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sei urteko lanen ondotik, AEK-k egoitza berria inauguratuko du larunbatean Baionan

GARA |

AEK-k egoitza berria inauguratuko du larunbat honetan Baionan. Joan den urritik gau-eskolak emateko eta AEK-ren herrialdeko zerbitzuak eskaintzeko erabili bada ere, Kalostrape ostatua irekitzearekin batera egin nahi dute inaugurazio besta. Urtero 200 ikasle inguru aritzen dira, eta 12 irakaslek dihardute lanean.

Egoitza moldatzea anitz kostatu da. Izan ere, Baiona Ttipian kokaturiko eraikina da eta beraz, eremu babestuan izanik, konponketak ezin ziren edonola egin eta hirigintzako arduradunek kostu handiko neurriak ezarri dituzte. Nicole Lacoste eta Pierre Andreu arkitektoak aritu dira lanean, eraikinaren berezitasuna dela-eta.

Behin lanak hasita, pareta oso bat erortzeak ere atzerapen anitz eragin ditu. Guztira, sei urte iraun dituzte lanek. Datorren larunbatean ospatuko dute egoitza osorik moldatu izana.

9.00etan egingo da ate-irekitzea, eta eguerdira bitartean bisita gidatuak egingo dituzte. Lehenen bi solairuetan 10 ikasgela daude. Horiez gain, irakasleen gela, langileentzako bulegoa, autoikaskuntza gela eta erabilera anitzeko gela ditu. Azken hone- tan daude liburutegia, telebista eta bilkura-gela. Hirugarren solairuan daude gainerako zerbitzuak. Beheko solairuan Kalostrape ostatua irekiko da, eta jatetxea eta kulturgunea ere izango ditu. Ostatuaren izena, lehenago Visitandine seroren komentua izanik, kalostrapeko (klaustroa) zutabe batzuk mantendu direlako jarri zaio.

Musika-besta Kalostrapen

Inaugurazio ekitaldia eguerdian egingo da, eta han izango dira euskalgintzako ordezkariak, hautetsiak eta instituzioetako hizkuntza politikako arduradunak..

15.00etatik 19.00etara, berriz ere, bisita gidatuak egin eta euskara ikastaroei buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da. Amaieran Baionako elkarteei ongietorria egin eta 20.00etan musika-besta hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo