GARA > Idatzia > Kultura

Di Camilok eta Bonetek irabazi dituzte Nontzeflash eta Nontzefilm lehiaketak

p049_f02_.jpg

GARA | BILBO

Santiago di Camilo argentinarrak irabazi du Nontzeflash animazio film laburren lehiaketaren bosgarren edizioa «Piratas y punto» lanari esker.

Nontzefilm fikziozko film laburren sariketan, berriz, Victor Bonet espainiarra nagusitu da «Uñas» lanarekin. Bakoitzak 2.000 euroko saria jaso du.

Emanaldiak Capitolen

Bihar, ostirala, film laburrik onenak Capitol zinema-aretoetan ikusteko aukerarik ere izango da, 20.30ean hain zuzen ere, FANTen itxiera ekitaldiaren barruan. Izan ere, Nontzeberri kultura webguneak, Bilboko FANT Zine Fantastikoren Jaialdiaren laguntzaz, antolatu du Nontzeflash V. Animazio Lehiaketa eta Nontzefilm IV. Film Laburren Lehiaketa.

Nontzefilmeko arduradunek esan dutenez, 251 fikziozko film labur aurkeztu dira mundu osoko 26 herritatik, horien artean Estatu espainola, Guatemala, Ekuador, Kolonbia, Mexiko, Bolivia eta Italia. Euskal Herriko 52 lan aurkeztu dira, horietako 13 euskaraz eginak.

Nontzeflash-i dagokionez, berriz, 110 film izan dira parte-hartzaile, horietatik 3 Euskal Herrikoak dira. Besteak beste, Bosnia-Herzegovina, Brasil, Mexiko, Kolonbia, Venezuela, Italia, Estatu espainola, Kroazia, Uruguai, Estatu frantsesa, Argentina, Peru, Erresuma Batua eta Serbiatik iritsi dira.

Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo