1978an ondarroako portutik Donibane Lohizunera bidaiatu eta «Itoiz» sortu zutenekoa
Atzerriko rock sinfonikoa biniloetan entzun eta rock talde bat izateko ametsarekin Indar Trabes sortu eta plazaz plaza berbenatan aritzen zen gazte talde baten historioa da Itoiz. Aurten ospatzen da debuteko lana grabatu eta plazaratu zuteneko urteurrena.
Anartz BILBAO
Taldearen izena estrainatu zuen lana apirilean grabatu eta zazpi hilabete geroago Durangoko Azokan argitaratu zuen Itoizek, orain dela hogeita hamar urte. Taldeak hamarkada bat iraun zuen oholtza gainean eta zazpi lan plazaratu zituen Juan Carlos Perezen gidaritzapean. Bera dugu, Jose Garate Foisis-ekin batera, taldearen sorreratik bukaerara iraun zuen bakarra.
Artean Indar Trabes izeneko taldean dantzaldiak ematen ari zirela, Ondarroako portuan gogoz landutako piezak sortu eta Donibane Lohizuneko Bachallanes estudioetara jo zuen taldeak estreinako lana grabatzeko ilusioarekin. Jaime Yarrituk eman zien lana grabatzeko aukera, sortu berria zuen Xoxoa disko etxean, eta Itoiz izenpean argitaratu zuten. Artean Indar Trabes dantzaldi taldearekin jarraitu zuten aurrera, baina beharrezko jo zuten izen aldaketa aro berri bati hasiera eman eta okerrik gerta ez zedin. Gerora, Elkar disko etxeak lortu zituen Xoxoarenak izandako grabaketen eskubideak. Joseba Erkiagak flautak jo zituen bertan, Estanis Osinaldek bateria, Antton Fernandezek teklatuak eta hasieratik bukaerara taldean jardun ziren musikariek, Juan Carlos Perezek eta Jose Garate Foisis-ek, gitarra eta bajua. Grabaketez Jean Phocas arduratu zen eta nahasketak Angel Azkarraga Matxitxa-k egin zituen. Hitzetan, berriz, Lekeitioko Joseba Alkalde eta Joseba Garcia poeten laguntza jaso zuten.
Belaunaldi berri bat sortua zen, Errobi aitzindarien ondotik rock musika lantzeari ekin ziotenak, eta Itoiz bete-betean murgildu zen musika giro berriaren eraldaketan.
Jon Eskisabelek honela eman dio hasiera Itoizen disko izenkidearen grabaketa izan zenaren kontakizunari taldeaz idatzitako liburuan: «Grabazioaren lehenengo gastuei aurre egiteko Anttonen amak utzitako 30.000 pezeta patrikan sartu, furgoneta zamatu eta Donibane Lohizunera joan ziren bost musikariak eta Angel 1978ko apirilean».
Zortzi kantuz osatutako debut hura gogoan -tartean `Lau Teilatu' harribitxia-, protagonistekin hitz egin dugu. Jean Phocas soinu teknikari aski ezaguna da egun, Elkar estudioetako arduradun. Oroitzapen lausoak ditu berak, baina argi du baliabide urriekin grabatu zutela: «Garai haietan material profesionala oso garestia zen, ia ez genuen ezer eta ahal bezain ondo bete genuen gure lana. Kantu ederrak zituzten, gustuko nituen».
Foisis-ek askoz iltzatuago ditu oroimenean garai haietako sentsazioak eta, jator solastu ostean, Antton Fernandez eta Joseba Erkiagaren arrastoaren atzean jarri gaitu. Erkiagaren ustez, «oso polita izan zen guztia. Gazteak ginen eta gustuko genuena egiten ari ginen, nahiz eta orduan ez ginen jakitun gerora izango zenaz». Gustura ageri da Fernandez ere: «Oroitzapen ugari etortzen zaizkit, oso politak denak. Ipar Euskal Herrira lehenengoz joatea, portu ondoko hotela, estudio txiki atsegina, Jean Phocasekin lan egitea zortzi pistako estudioan, Foisis-en zorion aurpegia aurikularretatik `Lau Teilatu' entzutean, horrenbeste teklatu ezberdin jotzeko aukera izatea... eta Mutrikura buelta, furgonetan Triana entzuten».
Foisis-ekin grabaketa garaiaz mintzatu gara: «Beste mundu batera joateko inpresioa genuen, guretzat dena zen berria. Ipar Euskal Herrian ezberdinak ziren janari eta ordutegiak eta jendeak frantsesez egiten zuen hotelean. Diskoa arratsaldeko ordu bietatik zortziak ingurura arte grabatzen genuen, eta afalostean berriro, goizeko hirurak edo laurak arte. Lo, berriz, eguerdira arte, pentsa!». Ondo gogoan du estudioa ere. «Ikustea posible zela txarto jotakoa errepikatzea, instrumentuak soinu aldetik konbinatzea... golpera estudioara sartu eta flipatzen ari ginen», oroitu du Foisis-ek. Disko horretakoak ditu berak Itoizekin grabatu dituen diskoetatik oroitzapen politenak, bere Ondarroako euskeran, «polit demasak».
Atzera begiratu eta zer gehitu, kendu edo aldatuko lioketen galdetuta, hau da, lana nola zahartu den galdetuta, bat datoz hirurak «bere horretan utziko nuke, akats eta guzti» esatean. Eta barre batzuk ere egin ditugu, adar-jotzaile The Police edo Led Zeppelin-en gisa Itoizen itzulera ezagutuko ote dugun itaundu diegunean. Erkiagak ez du uste aukerarik dagoenik, ezta Foisis-ek ere, nahiz eta ez duen aldeko ez kontrako arrazoirik ikusten. Antzeko iritzia du Fernandezek ere, baina «gertatuko balitz, bateria jotzen utzi beharko lidakete, taldea utzi ostean, 1984an, teklatuak saldu nituelako eta bateria jotzen ari naizelako duela bi urtetik hona», gehitu digu umoretsu.
Antibirusen informatika-enpresa ezagun batean lanean den Antton ez da musika munduan jarraitzen duen bakarra, zale gisa bada ere. Juan Carlos Perez musikagile ezaguna da egun eta ez dugu berarekin hitz egiterik izan, sorkuntza prozesuan murgilduta baitabil buru-belarri. Foisis-ek ere egin du bere bidea, Bilboko Orkestra Sinfonikoan kontrabaxua jotzen baitu lanbidez.
Joseba Erkiagak Bilboko antzoki batean dihardu, errejidore. Angel Azkarraga gerora istripu larri bat izan zuen eta egun Kuban bizi da. Bateria-jotzaile izan zen Estanis Osinalde Mutrikuko alkate izan zen urte askoan -2003a geroztik-, eta iazko irailean zendu zen gaixotasun baten ondoren.
Lana, grabatu eta zazpi hilabera argitaratu zuten eta Durangoko Azokako urteko disko onenari emandako saria eskuratu zuen. Jatorrizko biniloak erditik irekitzen zen karpeta zuen, Juantto artistaren margo bat agertzen zuena. Rock sinfonikoa du ardatz, baina tartean badu magia berezidun kantu akustiko bat, gerora makina bat bertsio ezagutu dituen «Lau Teilatu» sonatua.
Hogeita hamar urte geroago, Elkar disko etxea, egun taldearen lan guztien eskubideak dituena, bilduma bat prestatzen ari omen da udazkenerako. Ez da taldeak jasoko duen omenaldi bakarra, Ipar Euskal Herrian ere egitasmo xume bezain ederra prestatu baitute historikoki oso maitatua izan duten taldearen kantuek bizirik jarrai dezaten.
«Itoiz kantatuz» izendatutako egitasmoan 370 haur eta gaztek Jose San Miguel musikagileak egokitutako Itoiz taldearen hamaika kantu abestuko dituzte bi ahotsetan. Makina bat abesbatza eta ikastetxe bildu dira egitasmoan parte hartzera, baita Euskal Herritik kanpokoak ere, Landetako eskola bat kasu. Emaitza ekainean eskainiko dute zuzenean, bi kontzerturen bitartez. Ekainaren 6an Donibane Garaziko pilotalekuan, eta ekainaren 17an Biarrizko Gare du Midin. Egitasmoan taldekide batzuek parte hartu dute (Jimmy Arrabit, Juan Carlos Perez), baita beste musikari batzuek ere, Michel Ducauk, kasu. Bukatzeko, gogoratu Jon Eskisabel kazetariak «Itoiz. Hari xingle bat» (Paper Hotsak) liburuan txukun bildu zuela taldearen historia, Indar Trabesekin hasi eta taldekideen egungo lanetan bukatu arte, eta Gari Araolaza Itoiz zalea taldeaz ahalik eta material gehien biltzen ari dela (elkarrizketak, argazkiak eta beste), <www.itoiz.tumblr.com> atarian.
Poco imaginaban cinco chavales que «Itoiz» pudiera convertirse en un disco de culto internacional con el paso de los años. Sin embargo, lo cierto es que las ocho canciones del debut se encuentran entre el repertorio más rebuscado por los especialistas del rock sinfónico y prog. Poco importan las deficiencias técnicas, la escasa dinámica o que su líder, Juan Carlos Perez, no se sintiera orgulloso con lo grabado y en especial por su voz, pues el hecho es que «Itoiz», a pesar de todo, se cotiza en la actualidad, dependiendo de su estado, entre los 50 y 200 euros (en este caso, con encarte, buena conservación y faja alrededor del disco). Evidentemente se pide que sea la versión original de 1978 con alas, ya que, en caso contrario, el valor decrece hasta los 20 euros, tanto si se trata de una reedición antigua (sin alas) como la de Guerssen Records de 2005. ¿En manos de quienes han terminado la mayoría de las copias originales vendidas en su día en Euskal Herria? En medio mundo, pero especialmente las han solicitado desde Japón. Escuchado treinta años después, aún admitiendo sus deficiencias técnicas y artísticas, «Itoiz» contiene una galaxia de motivos para postrarse ante su belleza, su desnudez, su inocencia. Sentimientos atrapados desde el alma a su corteza.
Taldea: Itoiz.
Lana: «Itoiz».
Disko etxea: Xoxoa (egun Elkar-ek ditu eskubideak).
Grabaketa: Bachallanes estudioetan (Donibane Lohizune), 1978ko apirilean.
Argitalpen data: 1978ko Durangoko Azokarako.