GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomia Eraiki-k Europako Mendebaldeko Sorterrietako aditua eskatu du NBEn

Autonomia Eraiki mugimenduak lau aldiz hartu du hitza NBEn Sorterrietako aferaz arduratzen den Batzorde Iraunkorrean. Hala, Ipar Euskal Herria aitortuz, hartutako engaiamenduak betetzeko eskatu dio Parisi.

Arantxa MANTEROLA |

Hamabost egun igaro ditu Autonomia Eraiki-ko (AE) ordezkaritza batek New Yorken, Nazio Batuetako Erakundean (NBE) sort- erriez arduratzen den Batzorde Iraunkorraren karietara. Ofizialki onartu gabeko ordezkaritza izan arren, lau aldiz izan du hitza hartzeko aukera.

Guztietan, bi eskakizun zehatz egin dituzte hizlariek. Batetik, Gobernu frantsesari eskatu diote iaz Herri Gutxituen Babes eta Aitortzarako Agiria sinatu zuenean hartutako konpromisoak bete ditzala; eta, bestetik, NBEri galdegin diote Mendebaldeko Europako Sorterrietako aditua izenda dezala.

Izan ere, Mendebaldeko Europa da bitartekaririk ez duen eremu bakarra munduan, «berezko populurik izan ez balu bezala», adierazi zuten, atzo Baionan, AEko kideek. Eskakizunaz harago, aditu hori Euskal Herrikoa izan dadila ere proposatu dute Batzordean, «herri zaharrenetarikoa izaki, zilegitasun osoa» duela iritzita.

Paris jomugan

Interpelazio nagusia, halere, Estatu frantsesari begira egin dute, nazioartean hamaika agiri sinatu eta berretsi ostean, oraindik orain Ipar Euskal Herriari ez diolako inolako izaerarik aitortu. «Kanakiar eta Polinesiako herriak soilik hartzen ditu sorterritzat. Ez, ordea, Europako bere lurralde eremuaren barnean daudenak (Euskal Herria, Korsika, Bretainia...)», azaldu zuen Jojo Bidartek.

Gobernu frantseseko ordezkariak AEko ordezkarien adierazpenen aurrean erreakzionatu egin zuela ere nabarmendu zuen. Sorterrietako garapena eta kultura babesteko Parisek egiten dituen ahaleginak goraipatu ostean, AEko kideek leporatutako eskubideen urraketak irmoki arbuiatu zituen.

Xan Mariguiraultek, Ortzi Hegoasek, Jojo Bidartek eta Manu Torrek beren hitzaldietan aurpegiratutako hutsune edo jokamoldeak, besteak beste, euskararekin, gazteek pairatzen duten egoerarekin, turismorako joera gehiegizkoak eragindako lurren espekulazioarekin eta, oro har, herri izaeraren ukazioak sortzen duen egoera gatazkatsuarekin dute zerikusia.

Gainera, «aspaldiko gatazka gogorrak» Euskal Herri osoan «ondorio dramatikoak» dituela gogorarazi zuten, eta horren lekuko jarri presoen egoera, torturaren erabilpena eta alderdi, gizarte erakunde eta hedabideak legez kanporatzeko saioak.

Harreman bikaina

Sorterrietako ordezkari ugari ezagutzeko aukeragatik, bidaia oso baliotsua izan dela gaineratu zuten. «Bostehun bat herri baziren han ordezkatuak, batez ere gizarte zibiletik eratorriko pertsonen bitartez. Hartu-eman bikaina izan dugu horietako askorekin, eta norberaren kulturaren errespetuan herri gisa bizitzeko borondate bera topatu dugu. Beste herriak, maputxeak edo maoriak esaterako, jasaten duten errepresioa ere egiaztatu dugu», esan zuen Bidartek.

Estatu Batuetan sartzeko bisatua ukatu ziotelako Sorterrien saio horretan parte hartzerik izan ez zuen Gabi Mouescak, berriz, AEk datozen asteetan egingo dituen ekimenen berri eman zuen. Adierazi zuenez, bidaiaren edukiak azaltzeko jendaurreko hainbat bilkura egingo dituzte Ipar Euskal Herrian, baita EAEn eta Nafarroan ere. Gainerako herriekin hasitako harremanak areagotuko dituzte, eta Mendebaldeko Europako aditua izendatzeko lanean jarraituko dute.

POLITIZAZIOA

Sorterrietako Aferetako Batzorde Iraunkorreko presidente Victoria Tauli-Corpuzek aitortu du «herri horien estatutuarekin zerikusia duten gaien garrantzia ikusita, eztabaiden politizazioa saihestezina» dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo