Pello Mariñelarenari omenaldia egingo diote, espetxean hil zela 15 urte bete direnean
GARA |
Hamabost urte joan dira Pello Mariñelarena preso politiko etxarriarra La Santé espetxean gaixotasun larri baten ondorioz hil zenetik, baina herriko bizilagunek haren izatearen garra bizirik mantendu nahi dute.
Hala, gaur arratsaldeko zazpietan manifestazioa izanen da herrian «Espetxe politikak hil egiten du, gaixo dauden presoak etxera!» lelopean. Ondoren, 19.30ean Pello Mariñelarenari lore eskaintza egingo diote kanposantuan, eta gero ekitaldia izango da herriko frontoian.
«Hiltzen utzi zuten»
Omenaldiaren karietara, mobilizazioaren antolatzaileek prentsaurrekoa eman, eta salatu zuten Mariñelarena «hiltzen utzi» zutela, eta haren heriotza «Madrilek eta Parisek euskal preso politikoen aurka erabiltzen duten espetxe politika hiltzailearen barruan» kokatu zuten herriko bizilagunek.
Ildo horretatik, gogorarazi zuten gaur egun gaixotasun larriak pairatzen dituzten 12 euskal preso politikoek kartzelan jarraitzen dutela, eta egoera horretan espetxean egotera behartzea «heriotza zigorra» ezartzea dela gaitzetsi zuten. Hala, Bautista Barandalla preso etxarriarrak pairatzen duen egoera ere oroitarazi zuten.
«Barandallak kartzelan sortutako eta okertutako gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen duen heinean, 92. artikulua aplikatu, eta kalean izan beharko luke, baina hala ere, Iruñeko espetxean jarraitzen du», salatu zuten.
Era berean, ekitaldiaren antolatzaileek preso politiko honek «ezarritako zigorraren hiru laurdenak jada bete» dituela gogorarazi zuten.