GARA > Idatzia > Ikusmira

Estatu sionistaren jaiotza eta «Nakba», txanponaren bi aldeak?

Gaur, Israelgo Estatu sionistaren 60. urteurrenaren ospakizunekin batera, arabiarrek eta bereziki palestinarrek «Nakba» (hondamendia) gogoan izango dute. 1948ko gerra juduek irabazi zuten, 750.000 arabiar beren bizileku eta lurretatik egotzi zituzten. Ordutik hona porrot haren ondorioak areagotu besterik ez dira egin eta, adibidez, gaur egun 4,5 milioi palestinar daude lurralde desberdinetan sakabanatuta, erbestean. Gainera, Palestinan bizi direnen baldintzak ikaragarri okertu dira, setioaren ondorioz.

Nolanahi ere, arabiarren aurkako gerra juduek irabazi baldin bazuten, juduen arteko gerra sionistek, ortodoxoek eta militarrek irabazi zuten. Hau da, beren herriaren jazarpenaren eta sarraskiaren aurka eta aberriaren alde zintzotasunez borrokatu ziren judu ezkertiar gazteek ere berdintasunezko estatu aurrerakoi bat eraikitzeko gerra galdu zuten. Bitartean, Israelen politika zapaltzaileak, bai eskuinaren eta bai ezkerraren ikuspuntutik -azken honen zati xume bat izan ezik-, estatu judua desagertzearen «mehatxuan» funtsatzen dira. Alegia, 1948tik hona hartutako neurri guztiak -politikoak, baina batez ere militarrak-, «mehatxu» horren ondorio gisa azaltzen dira: beste herrialdeen aurkako erasoak; kolonia juduen ugaltzea; bazterketa politikoa, erlijiosoa, ekonomikoa; politikarien eta herritarren aurkako atentatuak; murrua...

Hartara, egitate historiko gisa Israelen jaiotza eta «Nakba» txanponaren bi aldeak dira. Baina bata aurpegia da eta bestea, ordea, gurutzea. Batak zapaldua izan denaren zilegitasuna bestea zapaltzeko erabiltzen du. Batak desjabetzearen argudioa okupazioa justifikatzeko erabiltzen du. Arrazakeriaren biktima gisa azaltzen den horrek bere etniakoak ez direnak gupidarik gabe bereizten ditu, eskubide oinarrizkoenak ezabatu arte baztertzen ditu...

Dena den, egoera hau ulertzea ezinezkoa da nazioarteko komunitateak Israeli eman dion babes mugagabea kontuan izan gabe. Gatazka politikoaren jatorriari aurre egin gabe, gatazka bera ukatuz, arabiar biztanleriaren bazterketa eta are suntsipena ere babestuz... nazioarteko komunitateak ardura izugarria du askorentzat une honetan munduko larriena den gatazkan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo