Buruz Buruko Txapelketa
Oinatzek titare gisako babesgarri batekin jokatuko du, jostun ausarta bailitzan
Leitzako aurrelariak ezker eskuko behatz batean duen lesioak hobera egin du eta bere «bizitzako partida garrantzitsuena» izango den lehiarako prest da
Aritz SORZABAL| DONOSTIA
Oinatz Bengoetxea ausarta dela jakina da, Aimar Olaizolari ezustean irabazi zion partidan frogatu zuen bezala. Larunbatean, pilotaria ez ezik, jostuna ere izango da. Grimm anaiek idatzitako ipuineko jostun kementsuaren bertsio modernoa, alegia. Izan ere, ezker eskuko behatz batean duen pitzadura dela-eta, titare gisako babesgarri batekin jokatuko baitu Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Titare horrekin aritu zen atzoko material aukeraketan, eta behatza gero eta hobeto duela azaldu zuen bertan. «Lesioak hobera egin du. Atzo entrenamendu bat egin nuen eta ez nion pilotari dudan guztiarekin eman. Gaur, berriz, sentsazio onak izan ditut. Hiru egun gehiago ditut norgehiagoka iritsi arte, eta oraindik hobera egingo du», nabarmendu zuen.
Leitzako aurrelariak egungo txapeldunaren kontrako lehian min hartu zuen duela hamar egun, Binakako Txapelketan izandako pitzadura ireki baitzitzaion Eibarko Astelenan jokatutako final-laurdeneko norgehiagokan. Lesioak lesio, Asier Olaizolaren aurkako partida iristeko irrikitan dagoela aipatu zuen. Anai txikia kanporatuta, orain anai handia bide bazterrean utzi eta pilota arloko final handienean sartu nahi du. «Profesional mailan egindako debuta eta Binakako Txapelketan galdutako finalaren ondoren, nire bizitzako partida garrantzitsuena da honako hau», azpimarratu zuen.
Asier Olaizola: «Deserosoa da»
Buruz Buruko Txapelketako lehen finalerdiak ikusmin handia piztu du, eta horren lekuko, atzo Labriteko harmailetan berrehun bat pertsona bildu izana. Oinatz Bengoetxeak eta Asier Olaizolak buruz buru jokatuko duten lehen aldia izango da. Horregatik eta hitzorduaren garrantziagatik, partida zaila iragarri zuten bi pilotariek.
«Partida irekia da. Bera oso pilotari handia da, buruz buru jokatzeko gaitasun ikaragarria baitu. Ni baino indartsuagoa denez, atzean gera nadin nahiko du. Ni, ordea, hura deseroso senti dadin ahaleginduko naiz», aurreratu zuen Leitzakoak. «Deserosoa da, eta dejadak ezin zaizkio bota, oso gainean jolasten baitu. Luze jokatzen saiatuko naiz; berak, aldiz, motzean jokatu nahiko du», adierazi zuen Goizuetakoak.
Bi pilotariak ez dira inoiz horren urrutira iritsi Buruz Burukoan. Horregatik urduritasuna arazo bilaka daiteke. «Ondo nago. Espero dezagun larunbatean urduritasunak ez baldintzatzea eta nire partida egitea», erantsi zuen Asier Olaizolak.
Lau Punpa aukeratu zituzten. Oinatzen pilotak (105 eta 104,5 gramokoak) Asierrenak (105,5 eta 106,6) baino biziagoak dira.
Leitzako eta Goizuetako aurrelariek buruz buru jokatzen duten lehen norgehiagoka izango da larunbatekoa. Iruñeko Labriten izango da.