GARA > Idatzia > Kultura

Euskal senaren inguruko itaunak eta erantzunak, ale batean bilduta

Eugenio Arraiza, Eduardo Apodaka eta Joxemanuel Odriozola ongi ezagutzen dituzte UEUko ikasleek. Izan ere, luzea da Eusko Kultur Gaiak sailarekin duten harremana. Hamabost urtetan idatzitako artikuluen artetik hautaketa egin, eta lanerako materiala plazaratu dute.

p050_f01_148x088.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

«Joan eta etorriko bidaia izan da gurea: burmuinak pixka bat berotu ondoren, eusko kultur gaiak abiapuntutzat hartu ditugu. Inguruak aztertu, beste nortasunen artean euskal identitatea topatu, eta bertan herri baten zantzua nabaritu dugu. Merezitako arnasa eta patxada geure buruei inposatu ondoren, nazio-herri baten ezaugarriak (lurraldetasuna, hizkuntza/kultura eta boterea) ahal genuen bezala motxilan bildu eta gure ildoari heldu diogu berriro». Hori diote Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu duen ``Euskal Herria ardatz. Kultura-Identitatea-Boterea'' liburuaren egileek beren lanari idatzi dioten sarreran.

Eugenio Arraiza, Eduardo Apodaka eta Joxemanuel Odriozola Bilboko Kalderapeko kulturgunean bildu ziren atzo arratsaldean Gaizka Arangurenek koordinatu duen artikulu bilduma aurkezteko.

Arraizak, Apodakak eta Odriozolak azken hamabost urteetan idatzi artikuluen hautaketatik eratorritako irakurgaia da Udako Euskal Unibertsitateak plazaratu duena. Denbora tarte horretan Eusko Kultur Gaiak sailean eskainitako ikastaroekin lotutako artikuluak dira orriotan irakur daitezkeenak. Hausnarketarako eta lanerako materiala ere bada liburua.

Ikerleek nabarmendu dutenez, Euskal Herrian hiru kultura nagusi ditugu: «Frantsesa eta espainola, estatuen sostenguarekin; eta bestetik, kultura egituratua baino gehiago, eusko kultur gaiak ditugu, euskal kultura osatzeke».

«Horretan gaude -gaineratu du Eugenio Arraizak-. Horren dinamika sortzen da ezagupenarekin; kulturarekin sentimenduak sortzen zaizkigu ere bai, eta orduan osatzen da identitatea, eta identitatetik, eta sentimenduaren bitartez, ekimenera sentitzen gara bultzatuta zirkulua bukatzeko, bestela gizakia herren, osatu gabe gelditzen da». Arraizak esandakoaren arabera, euskal kultura sortu behar dugu bertako herritarrok euskal kultur gaiek ematen dizkiguten ezagupen eta sentimenduen bitartez. Gaur egun, egunero erabiltzen dugun kulturaz ari da.

Bide horretan baikor ote den galdetu, eta adibide bat dakar gogora: «Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia euskara batua lortzeko sortuak izan ziren 1918an. Berrogeita hamar urte pasatu ziren Arantzazun zer edo zer lortzeko, nahiko eskasa eta ez denon adostasunez, baina tira. Euskal kulturarekin honelako prozesu bat dugu. Hasita ote dagoen ere ez dakit. Euskal kultur gaiak baditugula argi dago baina garapena nork egiten duen, hizkuntzak, historiak... zein garrantzia duten, horretan oraindik ez dago adostasunik. Gainera, kontuan izan batzuk oso euskaldun sentitzen direla, eta sentimendu hori dute, baina, nolako ezagupena dute? zein kultura dute?», planteatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo