GARA > Idatzia > Kultura

«Komikiak eta gizarte kritika» mahai-ingurua gaur, Donostiako Literaktum-en barruan

p050_f02_.jpg

R.C. | DONOSTIA

Joan den astelehenean Donostian abiatutako Literaktum Letren eta Lengoaien Festak aurrera darrai. Gaurko hitzordua 19.30ean Ernest Lluch kultur etxean izango da «Komikiak eta gizarte kritika» lelopean.

Mahai-inguruan Mauro Entrialgo komikigile gasteiztarra eta Juan Manuel Díaz de Guereñu, besteak beste, literaturan aditua dena, izango dira. Moderatzaile lanak jaiotzez Perukoa den eta Sevillan bizi den Fernando Iwasaki idazleak egingo ditu. Aipatu behar da, Iwasakik -atzo goizeko aurkezpen prentsaurrekora hegazkina galdu zuelako iritsi ez zena- «Mikrofikzio» tailerra eskaini zuela atzo arratsaldean.

«Komikiak eta gizarte kritika» mahai-inguruari dagokionez, Patri Presak, Donostiako Liburutegi Nagusiko arduradunak, honakoa argitu zuen: «Gaur egungo literaturak entretenimendu papera betetzen al du soil-soilik? Ez al du jada, gizarte kritika paperik betetzen? Beharbada, gizarte kritika egiteko ardura orain, komiki eta binetek hartu dute».

Juan Manuel Díaz de Guereñuk, bestalde, Mauro Entrialgoren lana goraipatu zuen lehenik: «Mauro une honetan dagoen komikigile nabarmenena da, nahiz eta bere lana oso pertsonala izan». Díaz de Gereñuren ustez, «historia bat eraikitzen duen edozeinen lehendabiziko konpromisoa -zineman, literaturan, edo dena delakoan- hartzailearen arreta bereganatzea da, eta ondoren arreta hori gogoan gordearaztea». Istorioek hausnarketaren bat eskaintzea ere ezinbestekotzat jo zuen.

Hori esanda, egun komikiek hausnarketak egiteko euskarri bihurtu direla esan zuen; hain justu, lehen «beste bitarteko batzuek, literaturak gehienetan, egiten zutena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo