GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Atentado en Legutio

Ezker abertzalea: «Sustraietara jotzea da bide bakarra»

Arrakastarik izan ez zuen negoziazio prozesua izan du hizpide ezker abertzaleak atentatuaren inguruko balorazioa egitean: «Aukera paregabea izan da konfrontazio eta indarkeria adierazpen guztiei amaiera emateko. Elementu guztiak mahai gainean egon dira, eta gaur egun hor jarraitzen dute». Besteak beste, Anoetako metodologia nabarmendu du, bai eta baldintza objektiboak badaudela ere: «Herriaren gehiengoak eskatzen du aldaketa politikoa, gehiengoak eskatzen du gure etorkizun politikoaren inguruan herriari hitza eta erabakitzeko aukera ematea. Eta, hain zuzen ere, ezker abertzaleak Euskal Herriaren autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideak aitortu eta bermatzen dituen proposamen politiko bat jarri zuen mahai gainean: baina, PSOEk eta PNVk ezezkoa eman zioten», ekarri du gogora.

Horren harira, honakoa gogorarazi du ezker abertzaleak: «ETAk mahai gainean jarri zuen erabateko desarmea gauzatzeko plangintza proposamen bat, eta horri ere PSOEk ezezkoa eman zion». Geroztik, alderdi honek akordiorik ez sinatzeaz gain «gatazka luzatzeko apustu irmoa egin du», salatu du. Neurri berean, PNVk eta NaBaik berriz ere Kongresuan beste alderdiekin bat egin dutela aipatu du. Juan José Ibarretxeri gatazka horrela konpondu nahi al duen galdegin dio. Eta aipatu bi alderdiei zera gogorarazi die: «Herri honetan aski eta sobera dakigu zer esan nahi duen `babes osoa segurtasun indarrei'».

Legutioko leherketa «gatazka politiko eta armatuaren gordintzearen erakusgarri» dela aipatu ondoren, ezker abertzaleak bere ibili politikoan konstante bat izan dena berresten du: «Herri honetan, bestelako eszenatoki demokratiko bat eraikiko duen aldaketa politikoa gauza dadin lanean jarraituko dugu. Horretarako, ezinbestekoa da gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jotzea. Ezker abertzalea horretan ari da: gatazka gainditzeko proposamen sakonak eta errealak egiten». «Ez gaituzte bide horretatik mugituko», gaineratu dute prentsa-oharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo