GARA > Idatzia > Ekonomia

Zerbitzu publikoan egitekotan diren murrizketak salatu dituzte Baionan ere

Sarkozyren Gobernuak bultzatutako legeak zerbitzu publikoan eragingo dituen murrizketak, -batez ere milaka funtzionario postuen desagerpena- salatu zituzten atzo Baionako karriketan. Sindikatu gehienek egindako greba deialdia irakaskuntzan izan zen hedatuena.

p030_f01_148X108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Atzokoa ez zen azken garaiotan funtzionarioak karrikaratu diren lehen aldia, hilabeteak ari baitira protestak eta mobilizazioak egiten Sarkozyren Gobernuak dituen asmoen aurka. Politika Publikoen Errebisio Orokorraren barnean idatzitako lege-proposamena aztertzen ari da une hauetan Senatua. Milaka funtzionario postu desagertzea izango da horren ondorio nagusietako bat. Aurten, esaterako, Estatu osoan 35.000tik gora desagertuko dira, gehienetan, erretiroa hartuko dutenen lanpostuak ordeztu gabe utzirik.

«Herritar orok eskubidez izan behar duen zerbitzu publikoaren kalterako» dela esaten ari dira, etengabe, sindikatuak. Beraien esanetan, neurri horiek guztiak «zerbitzuen pribatizazioa» ekarriko dute, eta, horrenbestez, «funtzio publikoan lan egiten dutenen baldintzak kaskartu eta prekaritatea handitu» egingo dela uste dute.

2.000 lagun

Mezu hori izan zen atzo, Baionan, Isabelle Soulék CGT, CFDT, FSU, UNSA, FO eta Sud-Solidaires sindikatuen izenean helarazi zuena udaletxearen aitzinean. Aldez aurretik, 2.000 bat lagunek Lapurdiko hiriburuko erdigunea igaro zuten, ohi bezala, sindikatu bakoitzak bere blokea eginda. Besteak beste, Ospitaleko, udaletako eta beste zerbitzu publikoetako langileak ikus zitezkeen bertan, baina irakaskuntzakoen presentzia izan zen, batez ere, nabarmena. Izan ere, sektore hori izanen da bereziki pairatuko duena postu galera. Hainbat lizeotako ikasleek ere bloke bereizia egin zuten manifestazioan, beren lema eta jauziekin manifestazioari ezohiko kolorea emanez.

Haien atzetik ziren LABeko 200 bat jarraitzaile, «Ikasle gehiago, irakasle gutiago» zioen pankartaren atzean. Hezkuntzan «ama eskolatik unibertsitateraino, baita lanbide hezkuntzan ere, kalitatezko zerbitzua, interes ekonomikoen menpekotasunetik at egongo dena» eskatu zuten. Horrekin batera, euskarazko hezkuntzan «behar diren bitartekoak segurtatzea» ere aldarrikatu zuten.

Eskaera bertsuekin, ikastola gehienetako, hiru kolegiotako eta Bernat Etxepare lizeoko irakasleek greba egin zuten atzo, datorren ikasturterako baliabide gehiago eskatzeko. Duela gutxi, Paueko Inspektoreak «soilik bi irakasle postu berri» onartu zituela jakinarazi zion Seaskari, gutxienez beste hamar bat «behar-beharrezko» dituenean.

22an, berriro

Erretretaren erreforma arbuiatzeko beste mobilizazio dei bat egin dute sindikatuek maiatzaren 22rako. Pentsio osoa jasotzeko kotizazio epea 41 urtera luzatzea nahi du Sarkozyren Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo