GARA > Idatzia > Ikusmira

Libano krisi luzetik ateratzeko aukera

Libanon atzo zirrikitu bat zabaldu zioten esperantzari. Oraingoz ez dute herrialdea krisi luze eta sakonetik ateratzeko hitzarmenik egin, ezta hurrik eman ere, baina lehen pausoa eman dute. Negoziazioak hasteko, taldeek armak ez erabiltzeko konpromisoa hartu dute, Liga Arabiarreko bitartekariaren arabera. Halaber, Fuad Sinioraren Gobernuak Hezbolaren kontra hartu zituen neurriak bertan behera utzi ditu, joan den astean herrialdea gerra zibilean murgiltzeko zorian jarri ondoren. Izan ere, oposizioko indarren -bereziki Hezbolaren- indar erakustaldiak ez zion aukera handirik uzten. Hartara, Libanoko gobernuko kideak ez dira onik atera beren azken saiotik. Eta Libano barne interesak ez ezik kanpokoak ere jokoan dauden antzeztokia denez, ez dirudi AEBek ere pozik egoteko motibo handirik dutenik, areago NBEko Segurtasun Kontseilua biltzeko saiakeran huts egin ostean. Segurtasun Kontseiluak Liga Arabiarraren bitartekaritzaren emaitzari itxarotea erabaki zuen, eta emaitza hori ez da txarra izan. Bihar Qatarren hizketan hasiko dira. Beraz, dena egiteke dago, eta ez da erraza izango, areago indar politikoen bi blokeen arteko alde handia, 2006ko uda bukaeratik hona handiagoa, kontuan izanda. Ez da erraza izango, baina itxaropena fruitu bihurtzeko aukerari oinarri bat jarri diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo