GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ordiziako lanen hasiera salatuz, AHT Gelditu-k ekimenak iragarri ditu

Apirila hasieran Itsasondo eta Ordizia arteko «Euskal Y'»aren lanak hasiak zirela zabaldu zuen Lakuak. AHT Gelditu! Elkarlanak informazioa gezurtatu, eta abiatutakoa tramitazio formala zela zehaztu zuen. Hilabete baten buruan tramitazioa bukatutzat eman-edo, eta makinak sartu dituzte Ordizian. Elkarlanak gogor salatu du «irregularitatez jositako» lanen hasiera hau, eta obretara martxa antolatu du maiatzaren 25erako, beste mobilizazio andanaren artean.

p018_f02_212x212.jpg

GARA |

AHT Gelditu! Elkarlana haserre agertu zen atzo Ordizian «Euskal Y»aren lanak hasi berri direlako. Agerraldia iragarri zuten goizerako, lanak abiarazitako lekuan, eta han batu ziren 30 bat lagun, ordubetez obrak geldiaraztea lortu zutela. Ertzaintza agertu, ordea, eta bildutako oro identifikatu ostean, obratik bidali zituen banan-banan.

Elkarlaneko kideek, orduan, hedabideen aurrean jarri, eta gogor salatu zuten obrak hasi izana. Duela hiru aste herritarrek aurkeztutako bi mila bat alegaziori erantzunik eman gabe hasi direla gogor kritikatu zuten, baita lurjabeei «txantaia eta presioa» egin izana ere. Lanen ingurua Poliziaren presentziaz bete dutela deitoratu, eta aktak idazteko tramitea bera ere ez dutela bete gogorarazi zuten Elkarlaneko kideek.

Duela hilabete inguru, apirilaren 3an, zehazki, Itsasondo eta Ordizia arteko obrak hasiak zirela sinetsarazi nahi izan zuen Lakuak. Garai hartan, ordea, Elkarlanak esan bezala, tramitazio formala soilik jarri zuten martxan: desjabetzeen informazioa jendaurrean jartzea, helegiteak aztertu eta erantzutea...

Hilabete eskas batean, ostera, tramitazio formala alboratu, eta makineria lanean da jada Ordizian, eta AHT Gelditu! taldearen haserrea areagotu du horrek.

Lakuari zein Estatu espainoleko Sustapen Ministerioari zuzendu, eta lanak berehala alboratu dizatzela galdegin zieten atzoko agerraldian.

Mobilizazio ugari egingo dituzte Goierri aldean Elkarlana osatzen duten auzo-elkarte, herri mugimendu, sindikatu eta talde ekologistek. Lehena gaur bertan izango da: 20.00etan, Ordiziako Malkaskon egingo duten elkarretaratzea.

Bihar zortzi ere kontzentrazioak egingo dituzte; hain zuzen ere, Goierri eskualdeko herri guztietan izango dira. Ondoren, gainera, herri batzarrak egingo dituztela jakinarazi zuten.

Hitzordu garrantzitsuena datorren igandean izango da, hilak 25, obretara martxa antolatu baitu AHT Gelditu! Elkarlanak. Ordiziako Arboledatik abiatuko dira eguerdian, 12.00etan, eta herritar oro bertara dadin dei egin zuten antolatzaileek.

Desobedientzia aktiboaren alde

Obren hasiera hau «oso larria» dela adierazi, eta egoeraren larritasunak AHTren aurka are eta gehiago mobilizatzera «bultzatzen» dituela nabarmendu zuten. Horiek horrela, «beste urrats bat» emateko garaia dela ulertu, eta desobedientzia aktiboaren aldeko jarrera hartu zuten agerraldian. Azpiegitura honen aurka dauden indarrak metatzen jarraitzearekin batera, proiektuaren aurka «desobediente» bilakatzea finkatu dute helburutzat, eta pertsona guztiei gonbita egin zieten jarrera horrekin bat egin dezaten.

Azkenik, eta Lakuako Garraioko sailburu Nuria Lopez de Guereñuren hitzak erabiliz, AHTri «zangotraba eta oztopoak» jartzen jarraituko dutela esan, eta «behin betiko frenoa» jarri arte halaxe egiteko konpromisoa berretsi zuten.

obretara martxa

Maiatzaren 25erako antolatu duten martxaz gain, datozen asteetan ere borrokak segida izango duela adierazi dute. Beasain eta Ordizia artean manifestazioa, eta Goierriko lantegietan lanuzteak egitea aurreikusi dute.

kalte nabarmenak

Obrak abiarazte hutsak kalte «nabarmenak» eragin dituela salatu dute. Joan den maiatzaren 6tik obrarako sarbidea eta pistak irekitzen ari dira eta beldur dira lanak areagotzeko makineria sartzekotan direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo