GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Finalerdietan izango diren azkeneko bien izenak argituko dira

Final-laurdenetako ligaxkako azkeneko ekinaldiak jokatuko dira. Bihar, Zeanurin, Arria eta Olasagasti lehiatuko dira; eta etzi, Legution, Larretxea eta Arria.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran finalerdietan izango diren bi aizkolarien izenak argitzea falta da, eta igande iluntzean jakingo da zein diren, izan ere, Zeanurin eta Legution jokatuko baitira final-laurdenetako ligaxkako azkeneko bi ekinaldiak. Bietan, gainera, Arria V.a izango da lehian.

Lehen ekinaldia bihar jokatuko dute Zeanurin, 20.00etan hasita. Bertan Olasagasti eta Arria V.a izango dira aurrez aurre. Hauxe izango da Olasagastirentzat azken aukera. Lehen jardunaldian galdu egin zuen Larretxearen aurka, eta berriro ere hori bera egiten baldin badu, kanpoan geratuko da. Izan ere, Arriak garaipena erdiesten baldin badu, errezildarrak finalerdietan izateko txartela segurtatuta izango du, eta Olasagasti kanpoan geratuko da.

Dena den, Igeldokoak garaipena lortuko balu ere, igandeko emaitzen zain geratu beharko luke. Etzi, 19.00etatik aitzina, Legution jokatuko da ligaxka honetako azkeneko ekitaldia. Bertan Larretxea eta Arria V.a lehiatuko dira. Larunbatean gertatzen denak zeresan handia izango du. Arriak irabazi, eta hala heltzen baldin bada Arabako saio horretara, biak finalerdietan izango dira, eta lehen postua izango lukete jokoan.

Arriak galduta ere, heltzen baldin bada, eta Larretxea mendean hartuko balu, orduan hirurak puntu banarekin geratuko lirateke, eta egindako denborak erabaki beharko luke orduan.

Hala ere, Larretxea da faborito multzo honetan. Lehen jardunaldian irabazi zuen, eta bigarrenerako ere bera da faborito. Lan hauek, gainera, berarentzat aproposak dira. Olasagasti ere faborito aterako da Arriaren aurkako neurketan. Igeldokoak azkeneko aukera hori aprobetxatu nahiko du.

Arriak, berriz, galtzeko ez dauka ezer. Ligaxkan sartu da, eta bete du bere helburu nagusia. Hortik aurrera datorren guztia ongi hartuko du, baina kanpoan geratzen bada ere, berea eginda geratuko da. Hori bai, errezildarrak ere lan hauetara ongi moldatzen dela erakutsi du, eta Rekondoren aurka jokatu zuen azkeneko neurketan astindu handia eman zion.

Beste multzoan, berriz, erabaki beharrekoa erabakita dago. Arrospidek uko egin behar izan dio lehiaketari, eta horrek erraztu egin ditu gauzak, multzoko beste biek, Nazabalek eta Lopezek, lortu baitute finalerdietan izateko txartela.

Bien arteko neurketa Etxarrikoak irabazi zuen, eta horrek multzoko lehen postua eman dio, eta Lopez bigarren geratu da. Finalerdietan beste multzokoekin gurutzatu beharko du. Nazabalek sailkapeneko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta Lopezek lehenengoaren aurka.

Final-laurdenetako bi ekinaldi hauetan lan bera egin beharko dute, eta aizkolari bakoitzak sei proba ezberdin gainditu beharko ditu. Lan horietan denborarik gutxien pasatzen duen kirolariak lortuko du probako garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo