GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Zer gerta ere

Ondarroako ontzi maketagileek kontatuta dakit José María Oriol udaro joaten zela herrira oporrak pasatzera. Sasoi hartako udatiarren artean bazuten zaletasun bitxi bat. Gustuko zituzten ontzien miniaturak. Oriolek batez ere

Bilboko Euskal Museora bisita egiten baduzu, hantxe aurkituko dituzu hainbat eta hainbat irudi eta gailuen artean garai bateko ontzien maketa txikiak. Aspaldiko ontzi zaharren maketak egiten maisu omen zen Iramategi ondarroarra. XX. mendeko lehen erdialdean egiten zituen miniaturak Iramategik. Eta Euskal Museoan dauden ontziak José María Oriol y Urquijok utzi zituen opari bertan. Belaontziak dira maketa bi-biak eta haien sorkuntzak badu bere kontakizuna. Batari egileak «Iramategi» jarri zion izena eta besteari «Akerra». Akerra, halaxe deitzen zioten-eta Iramategiri herrian. Ez soilik berari, familia osoa ere izen horrekin baitzen ezaguna herrian.

Ondarroako ontzi maketagileek kontatuta dakit José María Oriol udaro joaten zela herrira oporrak pasatzera. Sasoi hartako udatiarren artean bazuten zaletasun bitxi bat. Gustuko zituzten ontzien miniaturak. Oriolek batez ere. Hargatik Oriolek jakin bazekien herrian bertan bizi zen gizon batek, Iramategik, egiten zituela txaluparik ederrenak. Artisaurik finenetakoa zen kontu horietan. Iramategi ezagutu zuen José María Oriolek eta horrela erosi zion «Iramategi» izeneko barkua.

Behin ontzi eder bat ikusi zuen erakusleiho batean Oriolek. Iramategirena zen hura ere, ez zegoen horren dudarik. Sekula ikusi gabeko ontzirik ikusgarriena zen hura, Oriolen aburuz. Maisulana zen haren irudiko. Ikaragarria zen nola zeuden zainduta xehetasun guztiak. Iramategik bere artearen gailurra jo zuen.

Horrenbeste txunditu zuen belaontziak ezen Oriolek saltzeko eskatu baitzion artisauari, saltzeko faborez, beretzat nahi zuela-eta barkua. Nahi beste diru emango zion lan harengatik. Berdin zitzaion zenbat mila ordu sartu zituen ontzia egiten. Denak ordainduko zizkion, ondo ordaindu ere. Baina Iramategik ezetz. Gizon zuhurra zen artisaua, hitza emanda zuen eta ezin zuen horrelakorik egin. Eta halaxe esan zion Orioli, itsasontzia zozketa baterako zela eta ez zegoela bueltarik. Nahi bazuen boleto bat erosteko agindu zion Orioli, eta itxaron zezala jaungoikoak edo zorteak zer erabakitzen zuen.

José María Oriol ez zen lasai geratu Iramategirekin izandako solasaldiarekin. Eta itsasontzi eder hura ikusten zuen bakoitzean, barruak buelta ematen zion. Beretzat nahi zuen kosta ahala kosta. Ezin zuen irudikatu ontzi hura beste norbaitek izango zuela etxean, zergatik eta zozketa egunean bera baino zorte hobea izan zuelako. Oriol ez zen inola ere gauzak zortearen mende uztearen zale. Ez bizitzan, ezta negoziotan ere. Erabakiak hartzearen zale zen Oriol, aukerak aprobetxatu egin behar direla uste duten horietakoa.

Iritsi zen halakoren batean zozketa eguna. Oriolek, banan-banan, boleto guztiak erosi zituen, bera izan zen lehena papertxo guztiak bereganatzen. Eta horrelaxe egin zen jabe, «Akerra» ontzi eder harena. Gauza batzuk ez dira halabeharraren mende utzi behar, zer gerta ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo