Julen MURGOITIO
Orri-bidea
Lehengoan GARA eskuan orriak aurrera orriak atzera nintzela, parez pare ziren notizia bik erakarri zuten nire arreta. Ezkerrekoa NASAk iragarritako supernoba berri baten ingurukoa zen. Eskuinekoa Nazio Batuen Erakundeak eta Nazioarteko Moneta Funtsak aurreikusitako krisi sakon luze batena. Kontrasteak berak erakarri ninduen; biak irakurrita ez nekien zein zegokion gure planetari eta zein kanpo horretan izan daitekeen espazio horri. Azken finean supernoba eztanda bat da, eta krisi sakonak eztanda ekarri beharko luke, Lur honetako desjabetuen eztanda ekarri ere. Han, hor eta hemen euren lurrez eta euren elikagaiez desjabetuak izan direnak, erreala ez den alegiazko ekonomiak desjabetuak, egoeraren sakonaz jabetu daitezela behintzat! Eta ekonomia zoroa desjabetu dezatela behingoz! Hiritzarra inguratu dezatela inguruko lurretatik hurbilduta! Lurra bazterreko lorontzietan baino ezagutzen ez duen hiritzarra. Supernoba jatorra litzateke, planeta hau argitzeko modukoa eta kanpo horretan izan daitekeen espazio horretakoek ikusteko modukoa! Eta pentsatzen hasita, jakin badakit planeta honetan mundu asko direla, baina hemendik kanpo beste planetarik balego, akaso mundu bakarrekoa litzateke? Mozio etikorik izango ote lukete han? Eta bonolotorik? Erantzuna izan badut, galdera falta zait.
Tira, orriak aurrera orriak atzera segitzen dut. Ekonomiatik ekonomiara. Horra Eroskiko buru batek esan berria prezioen igoeraren harira, kontsumitzaileen kooperatiba bat dela. Nire belarrietako ezkoa segituan urtu zait, eta isuri ere, nire planetako talaiatik entzun dudanean. Hain da azaleko azalpena! Estralurtar hartu nautelakoan nago, gobernuz kanpoko erakundea dela pentsarazita. Hain da engainuzkoa eko aurrizkia! Ekoizpenak berak ere ekoizten du. Horra ere, Mondragon Taldeko kooperatiba ezagun bi taldea uztekotan dira, hurrengo asanbladak zer erabakiko zain. Azken hitza kooperatibistena. Ama, ama! irrikatan nago Lakuako Gobernua Mondragon Taldera noiz sartuko! Orduan hiritar guztiok kooperatibista izango! eta hitza izango ere! Baina noiz izango? Bitartean, legez kanpoko boto-emailea, baina ez kooperatibista. Portzierto, Mondragon Taldera sartzeko mozio etikotik ala best-seller bihurtu diren Loiolako paperetatik, nondik pasatu behar? Ene, ene! Tira, bide-orririk ezean, orri-bidea behintzat egin dut gaur.