Joseba Makazaga (*) Informatika irakaslea
Informatika, eta euskaraz!
Azken urteetan Europa osoan Informatika Ingeniaritza ikasketen inguruan, ikerlarien eta langileen beharra ase ezinik gabiltza, eta goi mailako ingeniari informatikariak inportatzen ari gara
Ikasketek gerora lanbidea izango dena bideratzen laguntzen dute. Aukera egiterakoan kontuan hartzen direnak norberaren araberakoak izaten dira: gustuak, norberaren erraztasunak, ikasketei buruz entzundakoak eta esan dizkigutenak, topikoak, gertutasuna edota urruntasuna eta abar. Hala ere, ez ditugu kontuan izaten garrantzia izan dezaketen beste hainbat gai, besteak beste, gure etorkizuna baldintzatuko duen lan merkatuaren beharrak, baita ikasketak euskaraz egiteko aukera ere.
Azken urteetan Europa osoan Informatika Ingeniaritza ikasketen inguruan, ikerlarien eta langileen beharrak ase ezinean gabiltza, eta goi mailako ingeniari informatikariak inportatzen ari gara. Izan ere, gure inguruan ditugun I+G+B alorreko enpresa teknologiko asko langile eske ari dira, Europaren etorkizuna Ikerkuntzan, Garapenean eta Berrikuntzan (I+G+B) baitago. Hemen, Euskal Herrian, informatika ikasketak egiteko fakultaterik ez zaigu falta, Donostian bertan urrutira joan gabe. Fakultatean ikerkuntza taldeek egiten duten lana aipagarria da: hizkuntzaren tratamendu automatikoa, robotika, zirkuitu integratuak, behar bereziak dituztenentzako interfazeak, datuen analisi eta tratamendua, grafikoak, sare neuronalak, sistema adituak, software berria sortzea, software librea lankidetza garatzea eta abar. Esate baterako, nork ez du ezagutzen fakultateko IXA taldeak garatutako xuxen euskararako zuzentzaile ortografikoa? Horrez gain, hain ezagunak ez diren proiektu asko garatzen dira urtero gure fakultatean, eta ikerkuntzak gero eta garrantzia handiagoa duen garaiotan, ikerlari eskasiari aurre egin beharrean gaude. Gure ikasleek ikerkuntza aldetik makina bat irtenbide dituzte Donostian bertan, bai eta Europan ere.
Hurrengo ikasturtea, 2008/09, Donostiako Informatika Fakultatean euskaraz eskolak ematen hasi zireneko 25. urteurrena izango da. Urte hauetan guztietan, euskaraz hamaika liburu, apunte eta webgune landu izan ditugu informatika fakultateko irakasleok. Gaur egun, ingeniaritza osoa euskaraz egiteko aukera eskaintzeraino. Ezin dute fakultate askok halakorik esan, ez horixe! Eta are gutxiago arlo teknikokoek. Gipuzkoan, beraz, euskaldun gehien biltzen den lurraldean, unibertsitate mailako ikasketak euskaraz egiteko aukera badago, eta hori lau haizetara zabaldu nahi dugu, ez baitugu uste batxilergoko ikasleak jakinaren gainean daudenik. Gainera, euskara berreskuratzeko eta normalizatzeko bidean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietako adituak euskaldunak izatea estrategikoa dela uste dugu.
Ingeniaritza gehienetan bezalaxe, Informatika Ingeniaritzan ere, gaur egun, emakume gutxiegik ematen du izena, garai batean horrela izan ez zen arren. Horren arrazoiak aztertzen, eta emakumeentzat ikasketa egokia dela erakutsi nahian lanean ari den taldea ere sortu da fakultatean: emakumeek ingeniari ikasketei dieten fobiak errealitatearekin zerikusirik ez duela erakutsi nahian ari dira, eta, horretarako, informatikariek egiten dituzten lanak emakumeentzat gizonezkoentzat bezain egokiak direla erakutsi nahi diogu gizarteari. Egia da emakumeak teknologia berrien erabiltzaile direla, baina, ez badute teknologia horien diseinuan parte hartzen etorkizuneko gizarte teknologikoa gizonezkoek bakarrik definituko dute, horregatik, emakume informatikariak beharrezkoak zaizkigu, neskak behar ditugu ikasgeletan.
Ez da guztiz erraza informatikarako gaitasuna lortzea, matematikak eta abstrakziorako gaitasuna beharrezkoak baitira, baina gustuko duenak mundu benetan zabala aurkituko du; informazioaren eta sareen tratamendurako aurrerapenei esker, eremu askotan lagungarri izan daitezkeen tresna ikusgarriak eraikitzeko aukera izango du: informatika eta medikuntza, informatika eta robotika, informatika eta ikus-entzunezkoak, informatika eta hizkuntza, informatika eta enpresen kudeaketa, informatika eta hezkuntza, informatika eta jokoak... Non ez dira informatikariak behar?
Donostiako Informatika Fakultateak euskal gizarteari bere alea eskaintzen dio, hainbat urtetan egin duen bezala, eta aurrerantzean ere halaxe egin nahi du. Alde batetik, inguruko egoera egokia daukagu: lan merkatua profesional eske eta ikerkuntzaren eta berrikuntzaren garrantziaz jabetu den gizartea. Bestetik, fakultate honen esperientzia luzea dago: ondo errotutako ikerketa taldeak, kalitatezko ikasketak egiteko aukera, eta gainera euskaraz!
(*) Joseba Makazagaz gain, Montse Maritxalar eta Kepa Sarasola irakasleek ere sinatzen dute.