Bigarren B Maila
Barakaldok, Real Uniónek eta Osasunak denboraldi osoa dute jokoan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Gaur amaituko da Bigarren B Maila, eta partida guztiak 18.00etatik aurrera jokatuko dira. Barakaldok, Real Uniónek eta Osasuna B taldeek denboraldi osoa izango dute jokoan gaur arratsaldean, horrek erabakiko baitu denboraldia txarra edo ona izan den.
Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek Bigarren Mailarako igoera fasean sartzeko txartela dute jokoan. Barakaldok irteera oso zaila izango du, Ponferradina, lehen sailkatuaren zelaian jokatuko baitu, nahiz eta Ponferradakoek multzoko lehen postua segurtatuta duten.
Gipuzkoarrek, aldiz, Sestaora egingo dute bisita, eta hemen bizkaitarrek ez dute ezer jokoan. Barakaldok gauzak bere alde ditu, irabazten badu, besteek egiten dutena egiten dutela, sailkatuta egongo da. Beste edozein emaitza lortuta, beste taldeek egiten dutenaren menpe egongo da.
Real Uniónek, aldiz, irabazi beharra dauka, eta horrez gain besteen emaitzen zain egon. Hala ere, bi taldeek sailkatzeko aukerak ere badituzte. Horretarako, biek irabazi egin beharko lukete, eta Zamorak galdu. Kasu horretan bakarrik izango lirateke biak igoera fasea jokatzeko moduan. Biek galtzen badute, eta Guadalajarak edo Conquensek irabaziko balute, berriz, biak kanpoan geratuko dira.
Osasunaren bigarren taldearen kasuan, mailari eusteko borroka izango da. Gorritxoek derrigorrez irabazi beharko dute, eta gero beste emaitzen zain egon. Berdindu edo galduz gero, maila galduko lukete. Irabazten badute, eta aurretik dituen hiru taldeen emaitzak Osasunaren aldekoak badira ere, jaitsierako kanporaketak jokatu beharko lituzkete mailari eusteko. Irteera zaila dauka, ordea, Guadalajaran jokatuko baitu, eta Gaztelakoek ere asko dute jokoan, igoera fasean sartzeko aukera baitute. Lemonak, berriz, Kopan sartzeko aukera du, baina horretarako Realari irabazi eta emaitzen zain geratu beharko du.