Kronika | Mendi ibilandia Zubietan
«Oraindik gure esku dago errauste plantarik ez egitea»
Dena egina dagoela esaten dute, baina lur erreserba egin dute, askoz gehiago ez. Garai erabakigarria da eta benetako erronka herri mobilizazioa da», adierazi zuten errauste plantaren kontrako mendi ibilaldian. Etxez etxeko gaikako bilketa defendatu zuten.
Maider IANTZI
Alternatiba errealak badirela nabarmendu zuten atzo Usurbilgo, Zubietako eta Lasarteko hainbat herritarrek. «Oraindik gure esku dago errauste plantarik ez egitea, dena erabakita dagoela saldu nahi diguten arren. Arlo askotan lan egin behar dugu, eta nagusia jendearen mobilizazioa da», azaldu zuen San Markoseko Mankomunitateko presidenteorde Imanol Azpirozek. Gizartearen inplikazioa ezinbestekoa dela baieztatu zuen Unai Agirre Zubietako Herri Batzarreko kideak, eta hitzordua jarri zuen: heldu den ekainaren 14an manifestazio jendetsua egin nahi dute Donostian.
Adin guztietako jendea joan zen errauste planta jarri nahi duten Zubietako mendi kaskora, azpiegitura eraikitzeko mendian zein obra egingo lituzketen bertatik bertara ikustera. Tartean zen Herri Batzarreko alkatea, Eñaut Zuriarrain, ere. Botak jantzi, motxila hartu eta han abiatu ziren denak eguzki goxoa lagun, batzuk Lasartetik eta besteak Zubietako plazatik.
Pixka bat ibili eta lehenbiziko geldialdia egin zuten. 200 metroko mendia 100 metrotan utzi nahi dutela zehaztu zuten, zelaigune bat egiteko. Letabiden industrialde bat eraikitzeko asmoa dutela jakinarazi zuten, zaborrak eta errautsa tratatzeko. Paraje horretatik Donejakue Bidea pasatzen denez, zubi artifizial bat egingo luketela gaineratu zuten. Bi milioi metro kubo lur mugituko lituzkete. Kartzela bat eta Oriarainoko errepide bat egitea ere agintarien proiektuen artean daudela aipatu zuten. «Errepide zabala izango litzateke, gainera -ohartarazi zuen herritar batek-. Oso haran erakargarria da hau».
Mendiak igotzean neke uneak izaten dira eta gogor egin behar zaio buruari tontorrera iristeko. Erraustearen kontrako borrokan antzeko zerbait gertatzen da. Imanol Azpirozek azaldu zuenez, herri mobilizazioak indarra izan zuen orain dela hilabete batzuk, baina orain nahiko isilik dago eta indarrari eustea komeni da. «Tinko esan behar dugu ezetz: herriak erabaki gabe ezin dela geroa baldintzatuko duen azpiegitura bat egin».
Proiektu hauek guztiak egin nahi dituzten lurrak Donostiakoak izan arren, pribatuak direla eta jabe anitz dutela zehaztu zuten, berrogeita hamar bat. Lakuako Gobernuak berrogei hektarea erosi dituela esan zuten. «Kartzela jarri nahi dute etxeak egin behar zituzten lekuan. Etxeak hemen egin ordez Loiolan egitea Donostiarentzat hobea dela esaten dute».
Etxez etxeko bilketa
Kokapenak ez duela axola nabarmendu zuen Unai Agirrek. Bere ustez, erraustea da balio ez duena. Etxez etxeko zaborren gaikako bilketaren alde mintzatu zen, eta Usurbilen martxan jartzen ari direla jakinarazi zuen. Adierazi zuenez, sistema horrekin hondakin anitz ongarri gisa erabiltzen da, birziklatzea sustatzen da eta zaborraren %15 bakarrik geratzen da aprobetxatu gabe. Italian, Bruselan eta herrialde katalanetan bilketa hau egiten dute.
Herritarrok zer egin dezakegun galdetu zuen emakume batek, eta zera eskatu zion Imanol Azpirozek: lehenik eta behin, zaborra ez nahasteko; Udalari bilketa martxan jar dezala exijitzeko; eta ahal den lekuan konpostajea egiteko. Merkatal zentroei presioa egiteaz ere solastatu ziren, plastikozko poltsa gutxiago erabiltzeko eta ekoizten duten zaborra konpostatzeko azpiegiturak egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenak herriguneetatik bi kilometrora baino gutxiagora errauste planta jartzeko debekua baliogabetu berri du. Horri buruz, zera adierazi zuten mendi martxan: «Atzo arte balio zuenak ez du balio, interesatzen ez zaielako. Hala ere, gure abokatuek bi kilometroen debekua indarrean dagoela defendatzen dute».