GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Ez dut zorte handirik izan: Mallorcan erori, Euskal Herriko Itzulian gripea...»

p047_f01.jpg

Ivan Velasco

Euskaltel euskadiko txirrindularia

Igor Gonzalez de Galdeano zuzendariak behin baino gehiagotan aipatu izan du etorkizun handia ikusten diola Ivan Velasco arrasatearrari profesional mailan, eta bere alde apustu egiteko borondatea erakutsi izan du beti. Bigarren Giroa du aurtengoa, baina ez du zorte handirik izan.

Asier AIESTARAN |

Bazuen itxaropena 28 urteko gipuzkoarrak bere bigarren Giroan aurrerapauso bat eman eta iaz bildutako esperientzia baliatu ahal izateko. Bigarren etapan Ricco eta konpainiarekin jasandako erorikoak, ordea, asko baldintzatu du bere lana eta ez da erraza izango gorputzaldi ona berreskuratzea. Honatx Giroa hasi aurretik Velascorekin izandako solasaldia.

Hiru asteko itzuli bat prestatzeko aldatzen al da zerbait, fisikoki edo psikologikoki?

Ez gehiegi. Entrenamendu aldetik ez da ezer aldatzen, badakizu aurretik zure prestaketak nolakoa izan behar duen eta horretan saiatzen zara. Psikologikoki agian komeni da argi izatea itzuliak hiru aste iraungo dituela, ez bat edo bi, eta argi izatea asko sufritzea tokatuko dela. Hortxe dago gakoa, norbere burua mentalizatzen jakitean. Alde fisikoari dagokionez, azkenean, errepideak jarriko zaitu benetan merezi duzun tokian.

Zer moduz iritsi zara Giroko lehen etapa hauetara?

Ustez ondo -erorikoa izan aurretik noski-. Nire plangintzan hasieratik egon da Giroan aritzea eta uste dut hona iritsi aurreko lanak ondo egin ditudala. Ea zer moduz irteten diren gauzak hemendik aurrera.

Igor Gonzalez Galdeanok askotan esan izan du taldeak konfiantza handia duela zugan.

Taldea nigan konfiantza baduela erakusten ari da. Aurten ez dut zorte handirik izan. Mallorcan erorialdi bat izan nuen, Criteriumean lan asko egin behar izan nuen besteentzat... Eta Euskal Herriko Itzulian gripeak sekulako arazoak eman zizkidan. Denboraldi honetan arazo dezente izan ditut. Baina taldeak konfiantza eman dit eta espero dut Giro honetan nolabait konfiantza hori eskertu ahal izatea.

Giro honetan zein izango da zure helburua?

Sailkapen nagusira begira talde-buru argirik ez daukagu. Dioni Galparsoro edota Iñigo Landaluze ibil daitezke une jakin batean sailkapenari begira, baina ez da hori gure helburua. Koldo Fernandez de Larrearekin etapa garaipenen bat lortu nahi dugu eta esprintetan bere ondoan egon beharko dugu ahal dugun guztian laguntzeko. Gainerakoan, ihesaldietan sartzen saiatuko gara eta lasterketan geure burua azaltzen; etaparen bat irabazteko aukera badago, askoz hobeto.

Giroa askotan bigarren maila batean uzten da.

Nik neuk behintzat ilusio handiarekin hartzen dut. Nire ustez, munduko bigarren lasterketa garrantzitsuena da, Tourraren atzetik dagoen ikusgarriena, eta horrek ilusioa sortzen du. Badakizu lan ona egiten baduzu oihartzun handia izango duela.

Iazkotik zer nabarmenduko zenuke? Zer ikasi zenuen?

Batez ere sufritzen. Bost eguneko probetan tokatzen da sufritzea, zazpi egunetakoetan ere bai, baina 21 etapa segidan egitea oso bestelakoa da. Hirugarren astea amaiezina egiten da. Azkenean lehen aipatzen genuen mentalizazio hori da gakoa.

Azkenik, Arrasate aldean ariko al dira zure lana jarraitzen?

Bai, bai. Italiara etorri aurretik hantxe utzi nituen lagunak porrak eta gainerakoak egiten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo