Manifestazio jendetsua Gasteizen AHTren kontra
Gelditour ekimena atzo iritsi zen Arabako hiriburura eta gasteiztarrek harrera ona egin zioten. Mila lagun inguruk parte hartu zuten proiektua geldiarazteko aldarriarekin egindako manifestazioan. Eragingo dituen kalteen berri eman zien herritarrei, oztopoak oztopo.
GARA |
AHTk eragingo dituen kalteak salatze aldera mila lagun inguruk manifestazioa egin zuten atzo eguerdian Gasteizko kaleetan «Orain da garaia, AHT Gelditu!» leloarekin. Protesta ekitaldia Gelditour ekimenaren barruan egin zen, atzo iritsi baitzen Arabako hiriburura.
12.30ean abiatu zen Artiumetik Ertzaintzaren presentzia esanguratsua zela; izan ere, bost furgoneta agertu ziren manifestazioaren hasieran. Hala eta guztiz ere, protesta ekitaldia arazorik gabe egin ahal izan zuten. Ez zen gauza bera gertatu, ordea, joan den maiatzaren 4az geroztik Euskal Herriko txokoak bisitatzen ari den Gelditour kamioia Gasteizko erdigunean jartzeko zuten asmoarekin.
Udalaren betoa
Hainbatetan baimena eskatu badute ere, Udalak ez du onartu eta hiriburuaren kanpoaldean kokatzeko esan zieten Gasteizko AHT Geldituko kideei. Kamioia ez, baina informazioa erdigunera eramatea lortu zuten. Ama Zuriaren plazan jarri zituzten informazio panelak eta eskuorriak banatu zituzten. Era horretan «instituzioek ukatzen duten» informazioa helarazi nahi izan zieten herritarrei.
Aldi berean, proiektu honek hiriburuei mesede egingo diela dioten mezuak gezurtatu nahi izan zituzten; «hirietan kalte ekologikoak baino kalte sozial eta ekonomikoak nabarituko ditugu», nabarmendu zuten manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan. Izan ere, AHT Arabako hiriburuaren azpitik igaroarazteko asmoa dute agintariek.
Ez da gauza bera gertatuko inguruko herri txikietan eta askok, atzo salatu zutenez, kalte ekologiko eta ikusmen inpaktu handiak jasan behar izango dituzte proiektuak aurrera egiten badu.
Gelditour ekimena Urbina eta Lukura iristekoa da gaur eta «herritarrek egunero pairatzen duten eraginari buruzko hitzaldi informatiboa» egingo dute.