GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Manifestazio Nazionala Bilbon

«Errepresioaren aurrean harresi sendoa eraikitzea ezinbestekoa da»

p004_f01_199x160.jpg

Kepa PETRALANDA | BILBO

Juan Mari Olanok hartu zuen hitza manifestazioaren amaieran. «Oso garrantzitsua da tinko agertzea. Errepresio handia nozitu du herri honek jadanik, azken hilabeteetan urrats kualitatiboak eman dituzte eta kolpe gehiago etorriko dira, ez dute berehalakoan amore emango. Ezinbestekoa da errepresioari aurre egitea, baldintzatzea, eta errepresio horretan kolaboratzen duten guztiak salatzea. Errepresioaren aurrean ez badugu harresi sendoa eraikitzen ez gara inora helduko, estrategikoa da eta balio politiko itzela du errepresioari aurre egiteak», esan zuen.

Senitartekoak presoen argazkiekin ondoan zituela, Bilboko kaleetan izandako mobilizazioaren zergatia «indefentsioa salatzea» izan zela nabarmendu eta hauxe gaineratu zuen: «Milaka euskaldunok bizi dugun babesgabetasun bortitza salatzera eta horrekin batera euskal errepresaliatu politiko oro omentzera, bihotzean ditugula eta maite ditugula aldarrikatzera etorri gara, garena garelako kriminalizatu nahi gaituztelako».

Errepresaliatuen izenean zera gogorarazi zuen: «Euskal Herriaren eskubideen defentsan amaieraraino borrokatuko garela dakitelako kriminalizatzen gaituzte, eta zer eginik ez daukagula sinetsarazi nahi digute», eta «fusilamenduak, gerra zikina, tortura, espetxe politika bortitza, jazarpen politikoa, iraina eta isunak» ekarri zituen gogora, «baina hemen gaude zutik eta harro herri honekiko konpromisoagatik», amaitu zuen. Gainerako alderdiak ere aipatu zituen: «Batzuek nahiago dute torturatzaileak omentzea eta torturatuak kriminalizatzea».

Askatasunarekin hitzarturik

Horren aurrean, «guk, eta errepresaliatu guztien izenean ari natzaizue, torturatuak babestuko ditugu beti, presoen eskubideen alde jarraituko dugu lanean, guk preso eta iheslarien senitartekoak babestuko ditugu eta bidaia latz eta luze honetan lagun izango gaituzte beti», aitortu zuen.

Horren harira, «biolentzia guztiak desagertzearen aldeko konpromiso daukagu herri honekiko», esan zuen Juan Mari Olanok; «herri honekiko askatasunarekin hitzarturik gaude, herri honek askatasuna behar duelako eta bide horretan gidari duinak izan ditugu beti ziegetatik eta deportazioko lurralde urrunetatik, duintasun lezioak eman dizkigutelako beti».

Egun Madrilen amnistiaren aldeko mugimenduaren kontra egiten ari diren epaiketa aipatu zuen geroago: «Auzitegi Nazionalean egunero gertatzen dira epaiketak, egunero epaitzen dituzte euskaldun militante independentistak, baina epaiketa batzuek oihartzun handiagoa hartzen dute», esan zuen. Horren inguruan, «amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketa egiten ari dira, eta 27 zazpi lagunon izenean, eta 30 urte hauetan herriz herri, auzoz auzo Amnistiaren Aldeko Batzordeetan eta Askatasuneko komiteetan lan egin dugun guztion izenean esan nahi dizuet harro gaudela egin dugun lanagatik epaitzen gaituztelako», bota zuen Olanok.

Presoei heldu zien ondoren, «Ino Galparsoro harro egongo da bere herriaz, Arrasatek erakutsi duen duintasunaz», esan zuen, eta horrekin batera, Jose Mari Sagardui Moja «Gatza» aipatu zuen «28 urte beteko ditu kartzelan uztailean, Nelson Mandelak baino gehiago». Ondoren Rego Vidal eta Agirre Agiriano, aipatu zituen «larriki gaixotutako presoak torturatzen dituztelakok eta gero mozio etikoekin datoz gugana, GAL sortu zuten horiek, korrupzioz lokaztuta dauden horiek».

omenaldia

«Euskal errepresaliatu politiko oro omentzera, bihotzean ditugula aldarrikatzera etorri gara, garena garelako kriminalizatu nahi gaituztelako», esan zuen Juan Mari Olanok.

«presoak torturatu»

«Larriki gaixotutako presoak torturatzen ari dira eta gero mozio etikoekin datoz gugana, gerra zikinean GAL sortu zuten horiek, korrupzioz belarrietaraino lokaztuta dauden horiek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo