Top 14
Avironek hasierako helburuak bete ditu jadanik
Zuri-urdinak ahalik eta posturik onena eskuratzen saiatuko dira orain
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek matematikoki ez bada ere, Top 14an jarraitzeko txartela ia eskuetan dauka, atzo ere garaipena lortu baitzuen. Azkeneko bi jardunaldietan lortutako bi garaipenek sailkapeneko erdialdera hurbiltzeko balio izango diote. Atzokoa partida garrantzitsua zen, eta euskaldunek ez zuten hutsik egin.
Avironek gogor ekin zion norgehiagokari, eta lehen minutu hauetako joko on horri esker, zazpigarren minuturako 10-0 jarri zen aurretik. Hortik aurrera, Castres ere jokoan sartzen hasi zen, baina zuri-urdinek lehen zatian erabaki nahi zuten norgehiagoka, eta atsedenera joaterako, 17-9 aitzinetik ziren.
Bigarren zatian euskaldunak apur bat atzera egin zuten, eta baloiaren jabetza kanpotarrei utzi zieten, baina garaipena erdiesteko ez zuten aparteko arazorik izan; horrenbestez, garbi geratu zen, heldu den urtean ere top 14an jarraituko dutela. Orain, denboraldia ahalik eta gorenen amaitzea izango da Avirongo jokalariek izango duten helburua, hasieran jarritakoa jadanik beteta baitute.