Faboritoek ez dute Angelun hutsik egin
J.L. | ANGELU
Larretxea-Etxeto eta Etxeberri-Kurutxari neurtuko dira datorren ostiralean, Angeluko Pilotarienak Torneoko finalean. Finalerdiak irabazteko bi biko horiek ziren faborito, eta ez zuten hutsik egin, biek lortu baitzuten finalerako txartela
Ia jendez lepo egin zen Haitzpean trinketea, eta zalea ez zen haserre atera, nahiz eta lehen finalerdian oreka falta izan. Bertan, Larretxeak eta Etxetok, erraz, irabazi zieten Ibarrola eta Dermiti, 61 minututan. Azkenean, 15-40 erakusten zuen markagailuak.
Hala ere, partidako lehen kintzeak oso orekatuak izan ziren, eta lehen hamabost tantotan oreka izan zen jokoan, eta kintze eder asko ikusi ahal izan zen.
Irabazleak 0-3 aitzineratu ziren, baina Ibarrolak eta Dermitek partida berdindu egin zuten, bai eta 4-3 aurretik jarri ere. Hortik aurrera, ordea, gorriak, beti atzetik aritu ziren, eta 7-14tik aurrera, Larretxeak eta Etxetok erabateko nagusitasuna erakutsi zuten.
Zudairiko aurrelariak ongi burutzen zituen tantoak, sakearekin asmatu egin zuen, eta pilota ere sarean ederki sartu zuen. Atzean, berriz, Etxetok erabat menperatzen zuen Dermit, eta ez zion inolako aukerarik eman.
Markagailua, honela joan zen: 0-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-10, 5-10, 5-14, 7-14, 7-24, 9-24, 9-25, 12-25, 12-26, 14-26, 14-37, 15-37 eta 15-40. Larretxeak bederatzi tanto egin zituen saketik, eta hiru Ibarrolak.
Bigarren finalerdia orekatua izan zen, baina ez luzeagoa, 57 minutu iraun baitzituen partidak. Bertan, Etxeberrik eta Kurutxarik 27-40 menderatu zituzten Waltari eta Harizmendi.
Xala zen aritzekoa Waltarirekin, baina Lekuinekoa gaixorik zegoenez, Aspeko beste pilotari batek, Harizmendik, hartu zuen bere lekua. Hori bai, Lekuinekoa aurrelaria da, eta Donamaririkoa, berriz, atzelaria. Beraz, Waltarik lekuz aldatu behar izan zuen, baina zaleek bazuten horrekin itxaropenik, izan ere, kubatarra aurrelaria baita, eta hor bere jokoa egingo zuela uste zuten.
Etxeberrik eta Kurutxarik, ordea, bazekiten zer egin behar zuten. Haitzpean trinkete bizia da, eta Waltariri ezin zioten jokoan sartzen utzi, horrenbestez pilota beti atzean jarri zuten. Harizmendik ez zuen lan txarra egin, baina frontoiko pilotaria dela agerian utzi zuen, eta lekuz kanpo ere askotan ibili zen, trinketeko jokoak ezker paretakoarekin zerikusirik ez duela agerian utziz.
Markagailua honela joan zen: 1-0, 1-1, 1-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-7, 7-7, 7-11, 9-11, 9-14, 14-14, 17-14, 17-15, 18-15, 18-18, 19-19, 20-20, 23-23, 24-33, 27-33 eta 27-40. Zortzi tanto egin zituen saketik Waltarik, eta Etxeberrik, berriz, hamasei tanto egin zituen.