GARA > Idatzia > Errugbia

Biarritz Liga

Zuri-gorriek Akizeri bizia eman nahi izan zioten, eta itxura penagarria eman zuten

AKIZE 17

BIARRITZ 12

J.L. | AKIZE

Biarritzek atzo ere berea egin zuen, eta esku hutsik itzuli zen Akizera egin zuen bidaiatik. Euskaldunek bigarren zati negargarria egin zuten, eta Landetakoei mailari eusteko behar zuten bultzada hori eman zieten, nahiz eta oraindik jaitsierako postuan jarraituko duten.

Emaitza honen ostean gauzak oso garbi daude Biarritzentzat. Ligako finalerdietan sartzeko asmoak alde batera utzi beharko ditu, eta hemendik aitzinera lehen sei postuetan jarraitzea izango du helburu, horrek datorren denboraldian Heineken Kopa jokatzeko aukera emango baitio.

Atzokoan, zuri-gorriek lehen zati itxurosoa egin zuten. Etxekoak baino gehiago izan ziren, eta berdegunean nagusi agertu ziren. Joko horri esker, 6-12 aitzinetik joan ziren atseden hartzera, eta bazirudien azken jardunaldietako emaitza txarren amaiera izango zela atzokoan, baina ez zen horrela izan.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Bazirudien Biarritzek dena erabakita zuela eta ez zuela gehiago egin beharrik, baina Akizek ez zion barkatu. Landetakoak gogor ekin zioten, bazekiten maila honetan jarraitzeko aukera izateko atzo irabazi beharra zutela, eta bigarren zatian zuri-gorriak baino gehiago izan ziren; hala, partidari buelta emateko gai izan ziren.

Biarritzek, aldiz, gabezia guztiak agerian utzi zituen. Ez zuen ezer egin, ez zuen puntu bakar bat ere egin, eta berriro ere itxura negargarria eskaini zuen. Argi eta garbi geratu zen lehen sei postuetan amaitu nahi badu bere jokoari itzuli bat eman beharko diola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo