Madrilek ere etorkinak «oso gogor» tratatzen dituela esan du Italiako Gobernuak
Madrilgo eta Erromako gobernuen artean ika- mika larria piztu da azken egunotan Silvio Berlusconiren gobernuak etorkinen aurka hartu dituen neurriak direla-eta. José Luis Rodríguez Zapaterok ere etorkinak «oso gogor» tratatzen dituela gogorarazi du Erromak.
GARA |
Gogor erantzun die Italiako Gobernuak immigrazio alorrean hartu berri dituen neurriei José Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak egin zituen kritikei; Gobernu espainolak ere legez kanpo dauden etorkinekiko «oso jarrera gogorra» duela nabarmendu zuen Erromako diplomazia-buru Franco Frattinik.
Igandean, bigarren aldiz, Gobernu espainoleko ministro batek gogor kritikatu zituen Silvio Berlusconiren eskuineko gobernua, etorkinak kriminalizatu nahi dituela nabarmenduz.
Joan den ostiralean, berriz, Gobernu espainoleko presidenteorde María Teresa Fernández de la Vegak kritikatu zuen Italiak hartutako jarrera, ez zuela «legea eta giza eskubideak errespetatu gabe etorkinak kanporatzea begi onez ikusten» adierazi zuen.
Bibiana Aido, Aukera Berdintasunerako ministro espainiarra, berriz, urrunago joan zen eta Berlusconik psikiatrarengana joan beharra zuela bota zuen igandean. Horrez gain, Italiako Gobernuan lau emakume baino ez daudela gogorarazi zuen.
Ika-mika baretu nahian, hala mintzatu zen Frattini: «Zapatero azalpenak emateko gai izango da eta horrelako adierazpenak ez egiteko aginduko die ministroei».
Hauteskunde kanpainan segurtasunaren afera gai garrantzitsuenetakoa izan ondoren, eskuineko Italiako Gobernuak paperik gabeko etorkinen aurkako erabakiak hartu berri ditu. Errumaniako Gobernuak gogor kritikatu du erabaki hori, Italian dauden etorkin ugari herrialde horretakoak baitira.
Europar Batasunak ere Italiako neurriak aztertuko ditu aurki, ijitoen aurkako arrazakeria dagoen ala ez ikusteko. Napoli inguruan ijitoek erabiltzen zituzten kanpalekuak erre dituzte etorkinen aurkako giroa dela eta.