GARA > Idatzia > Kultura

Graffiti Lehiaketarekin, «spraikada»z beteko dira Erandioko hormak uztailean

Duela bost urte abiatutako bideari jarraituz, aurtengoan Erandion egingo den Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa aurkeztu berri du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Ekimenak bosgarren edizioa izango du uztailean, aurretik lortutako «harrera eta indarraren seinale», arduradunen esanetan. Gainera, lana gizarteratzeko eta sustatzeko euskarri berriak lantzen ari dira antolatzaileak. Lehiaketan izena emateko epea ekainaren 27an amaituko da.

p046_f01.jpg

GARA | BILBO

Topagunearen Gazte Saileko arduradun Sonia Pérezek nabarmendu zuen bezala, lehiaketa bosgarren ediziora iritsi izana orain arte lortutako «harrera eta indarraren seinale» da. Eta, arrakasta hori ospatze aldera, eta proiektuari osotasuna emateko, aldaketa nabariak izango dira aurtengo saioan.

Bilbon egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, besteak beste, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketak izen propioa estreinatuko du bosgarren urtemuga honetan. Graffitiaren munduan mugitzen diren lagunen proposamenak eta iritziak jaso ostean, alegia, iazko lehian parte hartu zuen Mikel Aldekogarai gazteak proposatutako «Spraikada» izena izango du ekimenak bide-lagun aurrerantzean.

Izenarekin batera, irudi grafiko bateratua ere estreinatuko du. Atal grafikoa 2007ko lehiaketaren irabazlea izateaz gain, 2006koan ere sarietako bat jaso zuen Garikoitz Arregi berriztarraren esku utzi dute. Antolatzaileen esanetan, artista gazteak «oso irudi argia sortu du, `Spraikada'ren mamia ere oso ondo islatzen duena».

Aldaketak izenean eta izanean

Aldaketak, beraz, izenean, baina izanean ere badira. Aurtengo ediziotik aurrera, lehiaketa baino askoz gehiago izango da «Spraikada»: «Marka bera erabilita, graffitigintzan egiten den lana gizarteratzeko eta sustatzeko euskarri berriak lantzen ari da Topagunea, eta aurki izango gara horien berri ere emateko moduan», esan zuten aurkezpenean.

Bilbon egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, Mendaro, Getxo, Tolosa eta Gernika-Lumotik igaro ostean, Erandion izango da aurten buruz buruzkoa, uztailaren 19an. Bertan, beti bezala, hamar graffiti lehiatuko dira, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko.

Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi den graffitiaren zirriborroa bidali behar da lehenengo, eta hori egiteko epea ekainaren 27a arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak hautatuko dira, eta horiexek hartuko dute leku Erandioko hormetan.

Parte hartzeko baldintzei dagokienez, «gutxi dira, eta errazak»: 16 urtetik gora izatea, graffiti testuak euskaraz egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bidaltzea eta, finalista suertatuz gero, aukeratutako zirriborro graffitia antolakuntzak emandako espraiekin egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknika eta gaiak libreak dira erabat. Interesatuek beren herriko euskara elkartean zein interneten aurki ditzakete, dena den, lehiaketaren oinarriak: www.topagunea.org/graffiti.

Topagunea

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskara elkartek osatzen dute gaur egun. Elkarte horien zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola, haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentsibilizatzea...

WEBGUNEA

Interesa dutenek beren herriko euskara elkartean nahiz interneten aurki ditzakete lehiaketaren oinarriak: topagunea.org/graffiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo