GARA > Idatzia > Tau

Pamesa eta beren burua, bi arerio dituzte gasteiztarrek

Zoran Planinic jokatzeko prest izan daiteke zuntz-haustura gainditu ondoren. Bestetik, Rosalíaren aurka jokatuko du Bruesa GBCk LEB ligako play-offean.

p042_f01_148x104.jpg

 

TAU BASKONIA-PAMESA

Arnaitz GORRITI | BILBO

Tau Baskoniak badu egonkortasuna aurkitzeko ordua. Ederki bideratuta zuen kanporaketa alferrik okertzen utzi bazuen ere, gasteiztarrek finalerdietarako txartela eskuan dute oraindik. Nahikoa zaie Spahijarenei final-laurdenetako azken neurketa -Zurbaon, 20.30etik aurrera- irabaztea.

Pamesak errespetua merezi du, baina baskonisten arerio gogorrena beren baitan dago: irregulartasuna. Horrek zapuztu zuen gasteiztarren igandeko neurketa eta horrek iluntzen du gaurko pronostikoa. Aurkari bat ez ezik, bi ere gainditu beharko ditu Tau Baskoniak Unicajaren aurka finalerdietan jokatzeko.

Aurreneko bi neurketetan antolatzaile bakarraz jokatu du talde gasteiztarrak, eta asko sufritu du Prigionik aulkian emandako minutuetan. Alabaina, Spahijak esandakoari jarraituz, Zoran Planinic prest izan liteke gaurko, Final Fourrean izandako zuntz-haustura gainditu baitu.

Bestetik, Pamesak ez du galtzekorik. Williamsen eta Douglasen bitartez Fontetan irabazi ostean, gaurko neurketan «azken odol tanta» emateko prest daude. Hala, Spahijaren ustez, «bi jokalariok ongi zaintzea gakoetako bat izango da, baina beren kideak gutxietsi gabe». Horrez gain, Valentzian hain gaizki jokatu zuten Singletonek, Jasaitisek eta McDonaldek ekarpen handiagoa egin beharko dute. «Ezin dugu bost jokalarirekin soilik jokatu. Uneotan jokalari guztien ekarpenak du garrantzia», adierazi zuen Spahijak.

Bruesa GBC Rosalíaren aurka

LEB ligan, aldiz, gaur hasiko da play-offa. Bruesa GBCek arratsaldeko 20.30etik aurrera Galiziako Rosalíaren aurka ekingo dio igoerako faseari. Bi partida irabazi beharko dituzte Pablo Lasorenek Cáceresko lauko finalera sailkatzeko.

Bruesa GBCko entrenatzailearen hitzetan, «denboraldiko unerik garrantzitsuena da; gaur arte egindakoak ez du balio».

«Rosalíak partidak ongi maneiatzen daki eta defentsan oso gogorrak dira. Oleson da taldeko izarra, baina jokalari on asko dute. Irabazteko, gure erritmoa ezarri beharko dugu», aitortu zuen teknikari gasteiztarrak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo