Eraikuntzak EBko jaitsierarik handiena izan zuen martxoan Estatu espainolean
GARA |
Estatu espainoleko eraikuntza arloak Europar Batasuneko jaitsierarik handiena izan zuen martxoan, urte arteko tasari dagokionez. Izan ere, Eurostatek atzo jakinarazi zuenaren arabera, datuak zabaldu zituzten hamabi estatuen artean, Estatu espainoleko jaitsiera izan zen gogorrena, %10,1eko urte arteko beherakada izan baitzuen.
Euro eremuko estatuetan, martxoan %1,4ko atzerakada izan zuen sektoreak, 2007ko martxoko datuekin alderatuta, eta Europar Batasunean oro har, %0,1ekoa izan zen.
Eurostatek bildutako hamabi estatuen datu estatistikoen arabera, higiezinen ekoizpenean igoera handienak izan zituztenen artean, Errumania (32,5%), Suedia (23,2%) eta Eslovenia (22,2%) daude. Aldiz, Estatu espainolean eta Portugalen, beherakada %10,1ekoa eta %6,5ekoa izan zen, hurrenez hurren.
Otsaileko igoeren ostean
Sektorearen muinari dagokionez, eraikinen eraikuntzak %2,1eko jaitsiera izan zuen Euro eremuan, eta %0,8koa Europar Batasunean; aurreko hilabetean, otsailean, hurrenez hurren, %3ko eta %5eko igoerak izan ziren bitartean.
Lan publikoetan, bestalde, ekoizpena %1,3 igo zen euro eremuko herrialdeetan eta %4,2 EB osorik hartuta.
Datuak eman dituzten estatuen artean, Suediak eta Poloniak baino ez zuten ekoizpena handitu martxoan, %5,1 eta %1,4 hurrenez hurren. Bitartean, Estatu frantsesean, ez zen aldaketarik izan, eta gainerako bederatzi estatuetan jaitsi egin zen.
Hilez hileko jaitsiera handienak Alemanian (%12,3), Eslovenian (%12,2) eta Britainia Handian (%9,0) izan ziren. Estatu espainolean, ekoizpenaren beherakada %1,7koa izan zen.