Sahara, pazientziaren mugak hautsi dituen herria
Honezkero 35 urte igaro dira Fronte Polisarioa Mendebaldeko Sahara marokoar kolonialismoaz askatzeko helburuarekin jaio zenetik. Eta, teorian bederen, asmo horretan nazioarteko komunitatearen «oniritzia» eta Nazio Batuen Erakundearen «babesa» jaso arren, ez dirudi jomuga hori orain dela hiru hamarkada baino gertuago dagoenik. «Oniritzia»k eta «babesa»k ez baitute orain arte benetako laguntza beraiekin ekarri.
Bitartean, marokoar agintariek atzerritik jasotako kritikak eta gomendioak lotsagabe ukatu dituzte, eta ez dute inongo arazorik izan denbora tarte honetan saharar herriaren kolonizazioan eta lurraldearen xahutzean aurrera egiteko. Alegia, alde horretatik ez dute nazioarteko komunitatearen presiorik jasan.
Halaber, 17 urte igaro dira honezkero Polisarioak su-etena eman zuenetik eta aldiro borroka armatura itzuliko dela iradokitzen duen arren, NBEk beti jartzen du mahai gainean azken uneko elkarrizketa prozesu bat urrats hori galarazteko. Beste behin ere, munduko gainerako gatazketan bezala, NBEren ezintasunak azaleratzen dira hemen. Saharar herriari aitortzen dizkion eskubideak bermatzeko gai ez eta, gainera, herriak berak bere esku dituen horiek ez erabiltzearen bermatzaile bihurtzen da honela NBE. Horrenbestez, NBEk ezin du pentsatu saharar herria bere zain betiko egongo denik.