AMATEUR Protagonista
Larraldek trebezia erakutsi zuen Bidasoako Itzulian
Bidelan-Kirolgi taldeko nafarrak gora egin du aurten eta Erlaitzen erakustaldia eman zuen tropeleko onenen artean. Garaipenaren saria ez du, ordea
Unai IRARAGORRI | BILBO
Bidelan-Kirolgi taldeak Bidasoako Itzuli ezin hobea egin zuen orain dela bi asteburu eta Joseba Larralde beratarra aurreneko euskalduna izan zen, zazpigarren sailkatuta. Onenak eman zituen azken saioan Erlaitzen gora, eta burua azaldu zuen azkenean. Beti dago garaipenak lortzeko lehian eta ospeak ihes egiten dio, baina oso maila ona ematen ari da. Protagonista bilakatu da eta taldearen bolada onaren isla da 22 urteko gaztea.
«Pozik eta gustura» dago Larralde orain arte egindako lanarekin. Ez irabaztearen pena du. «Lehian nago beti, baina ez dut irabazten, azken metroetan ez daukat bizkortasunik eta agian zorte apur bat ere falta zait». Orain arte hainba emaitza lortu ditu: 2. Zamoran; 3. Obanosen (Nafarroako txapelduna 23 urtetik beherakoen artean); 4. Astilleron eta Duranan; 5. Laukizen eta Villatuertan; 7. Urrakin eta Bidasoan; 8. Valladolideko Itzulian eta Aiegin; 9. Beasainen; eta 10. Lazkaon. Azken urtea du 23 urtekoen mailan eta hobera egin du, ezbairik gabe.
Bidasoako 7. postuarekin pozik agertu zen. «Aginako azken-aurreko etapan huts egin nuen, indarrak gorde nituen eta ez nintzen azaldu. Gustura izan nintzen itzulian zehar, baina ez nuen neure burua erakusten. Horregatik, azken saioan dena ematea erabaki nuen. Horri esker, zazpigarren bukatu nuen eta lehendabiziko euskalduna izan nintzen», laburbildu du. Egia esan, sekulako igoera egin zuen Erlaitzen eta nagusien multzoan sartu zen, Amador, Mancuso, Madrazo, Baños eta abarrekin batera.
Orain, konfiantza berritu du eta garaipenak «hurbilago» ikusten ditu. Edonola ere, «helburu nagusia» orain arte lortutako «erregulartasuna sendotzea» da eta garaipenak «ongi etorriak» izango dira.
Hurrengo astean, Nafarroako Itzulian parte hartuko du nafarrak. Ilusio bikoitza du; alde batetik, estreinaldia delako etxeko itzulian, eta profesional maila ezagutzeko, bestetik.
Urterik urtera, hobekuntza
Amateurren ibilbideari Graficas Ona taldean eman zion hasiera. Entrenatzeko gabezia nabarmenak zituela aitortu digu. «Gazteen mailan bezala ateratzen nintzen, hiru egun astean», gogoratu du. Azken hiru urteetan, berriz, Bidelan taldean lehiatu da, eta «urterik urtera ikasi eta hobetu» duela goraipatu du beratarrak. «Oso gustura nago, txirrindulariak ondo zaintzen dituzte eta giro ezin hobea dugu taldean», adierazi du.