GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errektorea aukeratzeko hauteskundeetan abstentzioa aukeratuko dute Ikasle Abertzaleek

p016_f02.jpg

Txotxe ANDUEZA |

Ikasle Abertzaleak taldeak, Euskal Herriko Unibertsitatean etzi egingo dituzten hauteskundeetan abstentzioaren aldeko hautua egin du. Gaur egungo errektore Juan Ignacio Pérez Iglesias da hautagai bakarra, eta ikasle abertzaleek ez dute bukatzear dagoen agintaldia positibotzat jotzen.

Gasteizko Filologia fakultatean atzo aditzera eman zutenez, Bologna Prozesuaren aurrean hartutako jarrera desberdinek erabat baldintzatu dute Pérez-en agin- taldia. Baina ikasleen eskubide desberdinen «urraketak» ere nabarmendu zituzten Ikasle Abertzaleak taldeko ordezkariek.

Inposaketaren urratsak

EHUn Bologna Prozesua «inposatzeko» Pérez Iglesias errektorearen taldeak «urrats garrantzitsuak» eman dituela salatu zuten ikasleek: «Gradu eta graduondokoetara egokituta egongo diren titulazioen mapak egiten hasiak dira, zenbait karreratako lehenengo kurtsoetan ECTS kreditu sistema berria abian da jada, enpresa pribatuek graduondokoak eskaintzen dituzte...», jarri zuten adibide gisa.

Halere, errektorearen taldeak ez omen du beti jarrera bera erakutsi Bologna Prozesuarekiko. Lau urte hauetan ikasleek buruturiko borrokaren ondorioz, hasierako «sekretismoa» utzi eta Irakaskuntzaren Berrikuntzarako Programak jarri zituzten. Baina programa horretan «ez zuten Prozesua zalantzan jartzeko tarterik uzten eta ikasleriak ezezko biribila eman zien». Asken fasean errepresioaren bidea hartu du Pérez-en ekipoak. «Bologna Prozesuaren aurkako eta ikasleon hitzaren aldeko borroka geldiarazteko» salatu zuten ikasleek, «ikasleriaren jarrera arautzen duen arau hauste eta zigorren zerrenda onartu berri du EHUko klaustroak eta gobernu kontseiluak».

Lau urte hauetan, bestetik, ikasleek borroka ekintza arrakastatsuak egin dituzte Bologna Prozesuaren aurka: 2005eko azaroaren 17an eta 2007ko martxoaren 29an greba orokorrak, eta igaro den abenduaren 20an Leioan egindako manifestazio nazionala, besteak beste.

Ikasleek adierazi zuten «Euskal Ikasleon Eskubideen Karta guztiz urratua» dagoela EHUn. Horien artean, ordea, bi nabarmendu zituzten. Batetik, Euskal Herriak «sekula ezagutu duen campus polizialena» bilakatu dela salatu zuten, eta UPV «osoki euskalduntzeko» ez duela neurri «euskaltzalerik» hartu.

Ostegunean ez bozkatzeko arrazoiak laburbilduz, ikasleek zera adierazi zuten: «Ez dugu gure hitza ukatzen duen errektoregairik bozkatuko, ez eta bere jardun politikoa inposaketan oinarritzen duen hautagairik ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo