GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Nazioarteko era

Gabirondotarrak nagusi izan dira Ligako lehen saioan

Joxek irabazi du gizonezkoen norgehiagoka, eta Maria Luisak emakumezkoena

p044_01_97x100.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gabirondotarrak oso indartsu hasi dira nazioarteko erako Ligan. Joxe gizonezkoetan, eta Maria Luisa emakumezkoetan izan baitira herenegun arratsaldean Zerainen jokatu zen jardunaldiko irabazleak.

Jende ugari hurbildu zen lehen saioa hau ikustera, eta belarra ere nahiko egoera onean zegoen. Mutilek 10x10eko sail bat moztu behar zuten, eta emakumezkoek, berriz, 7x7ko bat. Nazioarteko erako proba hauetan, kirolariek azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar izaten dute. Azkar mozteak bakarrik ez du balio, txukun ere moztu behar izaten baita.

Gabirondotarrek erakutsi zuten iaz ere ongi moldatzen direla lehia mota honetan, eta Joxe jaun eta jabe izan zen gizonezkoetan. Gazteluko segalari beteranoak 13 segundo kendu zizkion Jexuxmari Lasari, eta horrelako lan baterako ez da gutxi. Hortik atzera lehia handia izan zen, eta ondorengo bostak oso tarte laburrean sartu ziren.

Lan hauetan aipagarria izan zen Lasaren lana. Legorretako aizkolariak segan ere ongi moldatzen dela erakutsi zuen. Lan luzean iaz apustua jokatu zuen Txapartegirekin, eta laburrean ere ongi aritzen dela frogatu zuen Ligako lehen jardunaldi honetan.

Emakumezkoetan iaz ere oso ongi aritu zen Maria Luisa Gabirondo, eta herenegun ere bera izan zen onena. Gainerakoei, gainera, alde nabarmena atera zien, izan ere, bigarren sailkatu zen Mazkiarani 27 segundotako aldea kendu zion. Arrate Garinek ere iaz probaren bat irabazi zuen, baina oraingoan hirugarren postuan geratu da.

Ligako lehen jardunaldia jokatuta, esan beharrik ere ez dago, Joxe Gabirondo dela sailkapen orokorreko lehenengoa gizonezkoetan, eta honen arreba, Maria Luisa, berriz, emakumezkoetan. Bigarren jardunaldia, berriz, ekainaren 15ean jokatuko da Igorren. Liga hau irabazi nahi dutenek proba guztietan hartu beharko dute parte, eta lehen postuetara iritsitako gehienak bertan izango dira hilabete barru.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo