GARA > Idatzia > Herri-kirolak

HARRI-ZULATZEA

Oraingoan Trapagarango taldeak ez du barkatu

p044_02_97x140.jpg


J.L. | DONOSTIA

Trapagaran eta Jaizubia dira harri-zulatzaileen Euskal Herriko Liga irabazteko faboritoak, baina bietako inork ezin izan zuen irabazi lehen jardunaldian. Bigarrengoan Trapagaranek ez du barkatu, eta garaipena erdietsi du. Hori bai, Jaizubiarekin lehia handia izan du, eta zentimetro gutxi batzugatik irabaztea lortu du.

Berriro ere jendetza batu zen Ligako jardunaldi hau ikustera. Oraingoan, Ortuellan izan zen. Hala ere, jokatzen den tokian jokatzen dela, jendetza batzen du, batzuek oraindik zalantzak baldin badituzte ere. Gainera, talde bakoitzak bere jarraitzaileak ere baditu, eta giro aparta izaten da saio bakoitzean.

Eta giro hori areagotu egiten da, herenegun bezala, taldeen arteko oreka handia denean. Izan ere bi faboritoak, eta Aldai Alde, lehen jardunaldiko irabazlea, oso parean sartu ziren azkeneko minutuetan, eta eta hiruren artean tarte txikia egon zen, nahiz eta Aldai Alde beste bietatik apur bat atzerago geratu.

Trapagaranek lehen jardunaldian huts egin zuen, baita Jaizubiak ere, baina oraingoan eman dezaketen maila agerian utzi zuten. Bi jardunaldi besterik ez dira jokatu, baina orain arte ikusitakoaren arabera, lehia handia izango da, eta badirudi auzia Trapagaranen, Jaizubiaren eta Aldai Alderen artean egongo dela

Oraingo honetan, uste baino okerrago aritu direnak, Burdin Gazteak taldekoak izan dira. Etxean, Ortuellan, aritu dira, eta agian presio horrek ez die duten guztia erakusten utzi. Egindako marka ere aipagarria izan da, lehen biak 17 zulotik aurrera joan baitziren, eta ordu erdian lanean aritzeko oso marka ona da hori.

Sailkapen nagusian, berriz, Aldai Aldek jarraituko du lehen postuan 16 punturekin, baina puntu bakar batera ditu une honetan Jaizubia eta Trapagaran. Laugarren Burdin Gazteak agertzen da 12 punturekin; beraz, gauzak asko aldatzen ez badira, eta orain artekoa ikusita, lehenengo hirurek ematen dute Liga irabazteko faboritoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo