GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Helen Groome EHENEko kidea, Donostiako Pobrezia Zero Plataformaren izenean

Zero pobrezia eta aniztasun biologikoa

Pobreziaren aurkako borrokan, ezinbestekoa da bioaniztasunaren garrantzia onartzea eta sarbide librea bermatzea, tokiko beharren eta ohituren arabera

Aniztasun biologikoa edo bioaniztasuna honela definitzen da: «munduan dauden izaki bizidun guztiak, beraien material genetikoa eta osotzen dituzten ekosistemak barne». Pobrezia erradikatzeko garrantzi berezia du, elikaduraren ezinbesteko oinarria baita, eta beste zenbait jarduerarentzat garrantzi izugarria baitu -hala nola garraioan (zama eramateko animaliak...), eraikuntzan (zuhaitzak, lastoa, ihiak...) eta medikuntzan-, elementu horien gabeziak pobrezia erakuts dezakeelarik.

Honela, ezagutzen diren 250.000 landare ingurutik, pertsonak elikatzeko erabili ahalko liratekeen 10.000 landare baskular daudela zenbatetsi da. Medikuntza naturalean landareen milaka espezie erabiltzen dira, zenbait elikagai ere badira eta beste zenbait ez dira elikagai, pozoitsuak edo ehogaitzak izateagatik. Bestalde, egurdun zenbait espeziek, zuhaitzek bereziki, eraikuntzarako egurra ematen dute, energia sortzeko egurra...

Bioaniztasunik gabe, gizadi osoa muturreko pobrezian barneratuko litzateke. Bioaniztasun urriarekin ere, arazoak larritu egingo lirateke. Elikadura aberatsa izatea, elementu jangarri desberdin ugari eskuragarri izatearen arabera dago; hau da, arroza hazi eta arroza soilik jateak, eta arroz mota bakarra, nutrizio arloan pobrezia adierazten du; nekazaritza arloan, berriz, ezegonkortasuna. Gaur egun, landareetatik jasotzen ditugun proteinen %60, hiru hazkuntza motatik soilik jasotzen dugu (arroza, garia eta artoa) eta etengabe hazkuntza horietako bakoitzaren barietate kopurua murriztuz doa: arrozaz hitz egiten adibidez, egun soilik 10 barietatek osatzen dute arroz hazkuntzen %75, lehen milaka barietate erabiltzen zirelarik.

Honekin batera, landatutako aniztasunaz -agro-bioaniztasuna- harago, basa-bioaniztasunaren garrantzia kontuan eduki behar da, bereziki elikaduran eta goseteen erauztean duen garrantziagatik. Ekialdeko Bengalan 124 basa espezie daude arroz alorrekin erlazionatuta eta garrantzi ekonomikoa dute nekazarientzat, batik bat elikaduran. Tanzanian berriz, sukaldaritza errezeten %80an landatu gabeko landareak erabiltzen dituzte.

Dena den, bioaniztasun aberatsa bermatzeaz gain, pobreziaren aurkako borrokan laguntzeko gakoa hartarako sarbidea edukitzea da. Hiru prozesu daude, bioaniztasuneko sarbidea larriki murrizten ari direnak eta pobreziarekin amaitzeko beharrezkoak direnak:

- Bioaniztasunaren suntsiketa masiboa, adibidez, bioaniztasun handia duten guneetako landak, baso eta nekazaritzako labore bakarrez ordezkatuz (soia Argentinan, eukaliptoa Amazonian...) herrialde aberatsak elikagaiez eta ondasunez (papera...) hornitzeko.

- Bioaniztasunaren pribatizazioa, izaki bizien patente sistemaren bidez, erabileraren monopolioa dakar hozi-plasmaren «jabe» denaren alde, eta areagotu egiten du pobreziaren arazoa, elikadurarako hazien prezioa igoaraziz adibidez.

- Milaka urte dituzten ekintzak legez kanpo uztea, hala nola landarako erabilitako landareen haziak gorde, trukatu edo saltzea, beharrezkoak direnak nekazaritza aniztasunerako eta biztanleria ez dadin gera enpresa transnazionalen interes ekonomikoen mende.

Hala, pobreziaren aurkako borrokan, ezinbestekoa da bioaniztasunaren garrantzia onartzea eta sarbide librea bermatzea, tokiko beharren eta ohituren arabera. Horretarako ezinbestekoa da izaki bizidunen gaineko patenteak ezabatzea eta bioaniztasun sostengarri bat sustatzea, dauden ezagutzak berreskuratu eta mantenduaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo