GARA > Idatzia > Kultura

Pintura oinarri hartuta bosgarren poema liburua kaleratu du Amaia Iturbidek, «Labirintoaren orduak»

Bilbotarraren poesiak lan guztietan pintura izan du lagun. Lehenengoan, «Eskaileraren bi aldeetan», leizeetako aztarnak baliatu zituen, eta azkeneko honetan, berriz, Menchu Gal agertzen da esplizituki.

p052_f02_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Pinturarekin duen erlazio estua ez du atzean utzi Amaia Iturbide (Bilbo, 1961) poetak «Labirintoaren orduak» (Erein) izeneko bere azken lanean.

Aurreko lau poesia liburuetan bezalaxe, azken honetan aipatutako arte diziplina izan du oinarri, hortaz; «`Eskaileraren bi aldeetan'en kobazueloetako aztarnak eta pinturak sentitu nituen, `Itzulbidea'n akuarela laztandu nuen, `Gelak eta zelaiak' eta `Lore mutuak eta tuaren ezkontzak' poema liburuetan zenbait margolan daude eta, nori berea aitortuz, gidari izan ditut. `Labirintoaren orduak'en esplizituki Menchu Gal agertzen da, baina inplizituki ere badaude beste pintura zantzu batzuk», esan zuen idazleak. «Lore mutuak eta tuaren ezkontzak» liburuan gainera, bere «tonua» aurkitu zuela argitu zuen.

Abangoardia

«Barrutik ateratzen» zaiona ageri da liburu honetan, errealitatearekin hertsiki lotuta dauden poesia abangoardistak, hain zuzen. Izan ere, bilbotarrarentzat tradizioa gordetzea «ezinbestekoa» den bezala, abangoardiari ere erreparatu behar zaio.

«Abangoardista izan arren, sonetoen bitartez erritmo eta errima kontuak gorde ditut eta, bide batez, baita tradizioa ere. Abangoardista ere bada, ohiko gaien gaineko tratamendu berria landu dudalako. Adibidez, poesia sozialaz», argitu zuen. Iturbideren ustez, poesia soziala giza duintasunarena eta elkartasunarena garai guztietakoa da «bizitza bidegabea delako, injustiziaz josita dagoelako».

Hori guztia entzunda, argi ikusten da poetak pragmatismorantz jotzen duela, berak ere puntu hau argitu nahi izan zuen: «Nire poesian artea oinarrizkoa denez, pinturaren bitartez idealismoa jorratu dut, baina errealitateari atxikita egon ere banago, hots, pragmatismoa lantzearen aldeakoa naiz».

Liburuaren izenburuari buruz, «Labirintoaren orduak», «labirinto esanahi anitzeko hitza da, alor askotan -bizitzan, poesian, artean, norberaren oroimenean...- dagoena eta denborarekin batera are korapilatsuagoa eta iradokitzaileagoa gerta daitekeena, enigmari lotuta baitago», argitu zuen.

Bestalde, Iturbidek idazteari, eta zehazki poesia idazteari buruzko hausnarketa egin zuen. Izan ere, 20 urteko ibilbidea du poesia eta prosa lanetan, eta horren harira, «idaztea hitz zehatzak leku zehatzetan jartzea» dela esan zuen. «Abentura ere bada, sormen prozesuan zehar zer gertatuko den jakin nahi horrek bultzatzen bainau idaztera», gaineratu zuen.

GAIAK

Poemek gai desberdinak jorratzen dituzte, denboraren igarotzearen gaiarekin batera «krudeltasuna, halabeharra edota patua eta heriotzarena ere badaude», argitu zuen Amaia Iturbidek.

Fitxa

Liburua: «Labirintoaren orduak».

Egilea: Amaia Iturbide.

Argitaletxea: Erein.

Saila: Poesia.

Salneurria: 14 euro.

Orrialde kopurua: 132.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo