GARA > Idatzia > Kultura

«Oihartzunak» lanak gaurko irakurleei Lauaxetaren literatura ezagutzeko aukera eskaintzen die

Miren Billelabeitiak Lauaxetaren 30 poema aukeratu ditu, horien idazkera erraztu, eta ondoan hainbat olerkari europarren testuak jarri ditu. Hala, idazle bizkaitarraren ereduak eta zaletasunak ere ezagut daitezke.

p053_f02_097x088.jpg

K.A. | BILBO

«Lauaxeta. Oihartzunak» Utriusque Vasconiae editorialaren «Kritika Literarioa» bildumaren 15. alea da. Estepan Urkiaga «Lauaxeta» (Laukiz, 1905-Gasteiz, 1937) poetaren poesia aztertzen du liburu honek modu original batean. «Irakasleak izan garen guztiok badakigu zer zaila den Lauaxeta bezalako autore bat gaurko irakurle gazteari hurbiltzea -esan zuen Ur Apalategi editoreak, atzo Bilbon izan zen aurkezpenean-. Orain, euskara eskuragarri batean irakur dezakegu eta gainera, inoiz egin ez dena, haren iturriekin batera. Beraz, Lauaxeta deskubritzeko modu bikaina da liburu hau».

Miren Billelabeitia (Mungia, 1960) hizkuntza eta literatura irakaslea da bere herriko Institutuan. Euskal Filologian lizentziaduna, hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste, «Gazteentzako euskal poesiaren antologia» (2005). «Lauaxeta. Oihartzunak» liburuan Estepan Urkiagaren 30 olerki bildu ditu, berak aukeratuak bere gustuari jarraituz. Baina ez hori bakarrik. Idazle bizkaitarraren ondoan, haren ga- raiko eta gogoko olerkarien lanak agertzen dira, herri baladak barne. Horrela, Lauaxetaren parez pare, Baudelaire, García Lorca, Rimbaud, Homero, Rosalía de Castro, Heine, Bizenta Mogel, Keats, Juana Inés de la Cruz, Tagore edota Hölderlin-en testuak sartu ditu egileak liburuan, «elkarrizketa goxoan». Testu horietako asko jatorrizko hizkuntzetan agertzen dira: ingelesez, frantsesez, alemanez...

«Sarritan azaldu izan da Lauaxetak Europako literaturaren oihartzunetara zabaldu zuela euskal poesia, eta beste batzuen artean, frantziar sinbolisten moldeak eta Espainiako 27. Belaunaldiko poeten bideei jarraitu ziela horretan. Argitalpen honek zor dio 1985ean Jon Korta- zarrek bere tesian zehazturiko loturei», esan zuen Billelabeitiak. «Honakoan, testuen bidez erakutsi nahi izan ditut poetaren gogoko irakurketak, haren ereduak, maisuak; miretsi eta gozatu zituen olerkariak ondoan jarri dira», gaineratu zuen.

Bestetik, gaurko irakurleei irakurketa errazteko, Lauaxetaren testuak moldatu egin ditu Miren Billelabeitiak. Horretarako, ortografia gaurkotu du eta erabilera garbizale batzuk erraztu egin ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo