«Bikini operazioa»
Dorleta URRETABIZKAIA Aktorea eta idazlea
Komedia supermerkatuan sartu da eta, barazkiei begira oso kontzentraturik dagoen Tragedia ikusi orduko, beregana gerturatu da. Komedia: Aupa Trage... Zer, barazkiekin hizketan?
Tragedia: Ez, Kome. Madarikazio bat botatzen ari naiz.
Komedia: Madarikazio bat? Madariei? Edota mandarinei akaso?
Tragedia: Ez, Kome, ez. Azari.
Komedia: Azari? Trage, ez esan zu ere «operacion bikini»-arekin hasi zarela?
Tragedia: Bai. Eta azaren dietarekin hasi naizenetik, kruasanekin amets egiten dut, kaleek txokolate usaina daukate eta espaloiak oilaskoz beteak daudela iruditzen zait...
Komedia: Basamortuan gosez eta egarriz daudenek ere urez eta janariz betetako oasiak ikusten omen dituzte duna artean.
Tragedia: Ez da hori bakarrik, Kome. Atzo gauean nire koinataren lehengusuarekin, nire amonaren oinordekoaren senar ohiarekin eta laborategian ernaldutako hiru biki eta laurdenen zain dagoen ilobaren izebarekin aza afaria izan nuen nire etxean.
Komedia: Eta zure... zera, zure senitarteko horiek ere, azaren dieta egiten ari dira?
Tragedia: Ez. Bata orburuarenarekin dago, bestea azenarioarenarekin, eta bestea meloiarenarekin. Baina hirurok mirarizko dieten biktima solidarioak garenez, aza afaldu genuen hirurok. Aza soilik.
Komedia: A ze hirukotea! Karakola, barea eta azalorea!
Tragedia: Kome, mesedez. Nire sukaldean aza egosten ari nintzela... Zera, ni ohartu gabe, haize batek alde egin zidan kolpetik...
Komedia: Puzker batek?
Tragedia: Bai, Kome. Eta ihes egin behar zidan unean bertan, nire koinataren lehengusuaren ahotsa entzun nuen sukaldeko atetik «asko itxaron behar al dugu?» galdezka. Eta une horretan bertan, Apolo eta Zeusek koprodukzioan lan egingo balute bezalako haizez betetako trumoi usaintsu bat atera zen nire gorputzeko zirrikitu horretatik...
Komedia: Eta?... Bihotzeko batek eman eta zerraldo geratu al zen?
Tragedia: Ez, Kome. Okerragoa izan zen...
Komedia: Zainzuriaren dietara pasatu al zen traidore hori?
Tragedia: Ez, Kome, ez... «Tallas grandes»-etako hilobi batean lurperatu behar izan zuten Felesfant nire amaren ilobaren semearen ordezko aita bezalakoa nintzela esan zidan!
Komedia: Zer?!
Tragedia: Kome, ez naiz sekula hilobi normal batean sartuko! Sekula ez dut ganorazko maitale bat topatuko....
Komedia: Beno, ligatzea ez da inoiz kontu erraza izan. Europako bikingoak gara eta...
Tragedia: Niri bost bikingoak! Zer egingo dut, Kome? Nireak egin du.
Komedia: Ez, Trage, ez. Azaren, meloiaren, azenarioaren eta zainzurien dietak jarraitzen dituzten ardi izatetik salbatuta zaude.
Tragedia: Zer zerikusi dute abeltzaintzak eta nekazaritzak?
Komedia: Logika matematikoa erabiltzen ari naiz, Trage. Nietzche, supergizona, Zaratustra... Superman edota Super Lopez...
Tragedia: Superman?
Komedia: Utz ezazu, Trage! Bazkaltzera gonbidatzen zaitut barakuiluak saltsan jartzen dituen bazterreko tabernara!
Tragedia: Ezin dut. Nik erakargarria izan nahi dut, hilobi normal batean sartu, gizartean integratu...
Komedia: Doala pikutara «operacion bikini» hori! Eta zatoz nirekin!